argia.eus
INPRIMATU
Presoei eta funtzionarioei testak egiten hasi dira EAEko kartzeletan
  • Martuteneko eta Arabako kartzeletan egin dituzte jada test azkarrak. Basaurikoan aste honetan egingo dituzte. Momentuz ez du inork positibo eman. Testak egitea Espainiako Espetxeetako Erakundeek presoen osasuna bermatzeko hartu beharreko neurrien parte da.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 12a
Denis Itxaso Arabako kartzelako bisitan. Argazkia: @DenisItxaso.

Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak Arabako kartzela bisitatu du maiatzaren 14an, eta gogorarazi du pandemiaren hasieratik ez dela kanpoko inor sartu kartzeletan. Horrez gain, baimenetan, deietan eta irteeretan izan dituzten mugak aipatu eta beren jarrera ona laudoriotu du.

Pandemiaren ondorioz, presoek ez dute bisitarik izan bi hilabetean. Horrek eragindako kalteak arintzeko, telefono deietarako denbora handitu zuten, eta baliabide askorik ez zutenentzat dohainik jarri zituzten deiak. Familiako kideekin eta abokatuekin hitz egiteko sei mugikor erosi zituzten EAEko kartzeletarako, dohainik deitu ahal izateko.

Test horiek Espainiako Estatuko zenbait presok gose greba hasi ostetik etorri dira. Maiatzaren hasieran jakinarazi zuten hogei bat preso gose greban hasiko zirela, koronabirusa dela eta jasandako egoera kaxkarragatik. Izan ere, martxoaren 13tik bi pertsona hil dira estatuko kartzeletan koronabirusak jota, datu ofizialen arabera; eta 500 lagunetik gora daude isolamenduan, koronabirusaren sintomengatik.