argia.eus
INPRIMATU
Presoak hurbiltzeko “ahal duten guztia” egiteko eskatu die EPPK-k Urkulluri eta Barkosi
  • EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Berria-ra eta Gara-ra igorritako agirian jakinarazi du “udaren erdialderako” plazaratuko dituztela eztabaida prozesuaren ondorioak. Azken urtean “presoen gaian” gizarteak egin duen lana eskertu dute, konpromisoa eskatu diete Iñigo Urkulluri eta Uxue Barkosi eta Jean-Rene Etxegarairen jarrera etsenplu gisa jarri dute.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko apirilaren 11
EPPKren bozeramaileen prentsaurreko bat (Arg.: EFE)

Duela urtebete EPPK-ko kideek jakinarazi zuten kezkatuta zeudela “presoen gaiak” azken urteetan hartu duen kokapenarengatik. Oraingoan, ordea, eskerrak eman dituzte, euskal presoenganako elkartasun ekimenak “biderkatu” egin direlako. Adibide gisa ipini dituzte urtarrilaren 14ko Bilboko manifestazioa, Sara Majarenas eta haren alabaren aldeko mobilizazioak eta gaixo dauden presoen aldeko manifestazioa.

EEPK-ko kideek hausnarketa prozesua abiatu zuten iragan abenduan eta “udaren erdialderako” behin betiko txostena zabalduko dutela jakinarazi dute. Datozen hilabeteotan antolatuko dituzten ekimenak ere txalotu dituzte: duela 40 urte Amnistiaren Aldeko Astean hil zituzten herritar solidarioak omenduko dituzte eta martxak egingo dituzte Espainiako eta Frantziako Estatuetako hainbat espetxetara.

Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos EAEko eta Nafarroako lehendakariei eskatu diete euren esku duten guztia egin dezatela sakabanaketa politikarekin amaitzeko. Jean-Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariaren zein Ipar Euskal Herriko alderdi eta eragileen jokaera eredutzat jo dute, “jarrera garbi, zintzo eta eraikitzailea” erakutsi dutelako.