Gaixotasun larriak dituzten presoak eta 70 urtetik gorakoak hasi dira, Euskal Herrira hurbildu ez ezik, aske geratzeko eskaera ofiziala egiten. Ondoren, eskaerak multzoka egingo dituzte EPPK-ko kideek, kartzelan daramaten denboraren arabera eta hemendik ekaina bitartean.
Gaur Gara eta Berria egunkariek argitaratutako informazioaren arabera, gaixo dauden presoak eta 70 urtetik gorakoak astelehenean hasi ziren espetxeetako Tratamendu Batzordeei graduz aldatu eta aske geratzeko eskaera pertsonalak aurkezten, euren egoera larria dela eta. Arabako Zaballa kartzelara hurbiltzeko eskaera ere egin dute Espainiako Estatuan daudenek, eta Frantziakoan espetxeratutakoen kasuan, etxetik gertuen dagoen kartzelara eramateko eskatu dute.
Lehenengo eskaeren tramitazioa martxoan amaituko dela aurreikusi dute. Apirilean, espetxean 20 urtetik gora daramatzatenek egingo dute Euskal Herrira hurbiltzeko eskaera. Tartean daude EPPK-ko zuzendaritza osatzen duten hogei kideak. Euskal hedabideek gaur argitaratu dutenez, presoen kolektiboak “konponbidearen aldeko urrats gisa” dauka bere erabakia eta hasitako bidean sakondu ahal izateko eskatuko dute zuzendaritzako kideak Zaballako kartzelan biltzea.
Presoek multzoka eta espetxean daramaten denboraren arabera egingo dute eskaera, lehenik, esan bezala 20 urte daramatzatenek, gero 15 urte, 10 urte eta azkenik 5 urtetik hona espetxeratutakoek. Ekainerako eskaera guztiak aurkeztuta egotea espero dute.
Eskaerak banan-banan egingo dituzte, modu pertsonalean, baina hiru ildo nagusiri jarraiki. Dispertsioak eragin dien kaltea azalduko dute zatietako batean; beste batean, irekitako prozesuarekiko konpromisoa eta norberaren ardura aztertzeko prestutasuna adieraziko dute; eta amaitzeko argudio juridikoak erabiliko dituzte. Aitzitik, ikusteke dago Espetxe Zuzendaritzaren erantzuna zein izango den.
Sei hilabete erantzuteko
Gaixo larriek eta 70 urtetik gorakoek Espetxe Legearen 100.2 artikulura joko dute euren egoera alda dadila eskatzeko. Tratamendu Batzordeak presoa 2. edo 3. gradura aldatu edo ez gomendatuz txostena igorriko dio Espetxe Zuzendaritzari, eta honek erabakiko du azken finean. Gradu aldaketak hainbat onura ekar dakieke egoera larrian dauden presoei, hala nola zigorra etxean igarotzea edota eskumuturreko telematikoen bidez kalera irtetea. Antzeko egoeran dauden beste preso batzuei ere ezarri diete espetxealdi arindua lehenago ere.
Garak dioenez, Tratamendu Batzordeak gehienez sei hilabete ditu biltzeko, eta balizko gradu aldaketa edo hurbilketen inguruko erabakiak denboran zehar gorabeherak izan ditzakete, espetxe bakoitzaren arabera.