argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Txantreako preso ohiak pozik dira preso ohien aldetik Ruizek jasotako elkartasunaz
  • Preso ohi ugarik Patxi Ruiz preso politikoarekin elkartasuna agertu dute azken egunetan, Iruñeko Txantreako preso ohiek egindako eskariari erantzunez. Preso ohi txantrearrek honako balorazioa egiten dute "Presoak borrokan, gu ere bai kanpainaz" eta izen guztiak biltzen dituen bideo bat ere argitaratu dute.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 28a
(Argazkia: Ekinklik)

Iruñeko Txantrea auzoko preso ohiak baikor agertu dira “Presoak borrokan, gu ere bai” ekimenak izandako erantzunarekin.

Ekimenak Patxi Ruizen egoera salatzea zuen xede, baita beroni eta espetxeetan gauzatzen ari diren aldarrikapenei babesa ematea, eta konponbiderako “mekanismoak aktibatzeko konpromisoa” hartzea ere. Beren auzokide eta lagun Ruizen egoera bistaratu ez ezik, beronen aldarrikapenak ere azpimarratu nahi izan dituztela azaldu dute.

Euskal preso politikoek bizi duten etengabeko eskubideen urraketaren aurrean, herritarren partetik erantzuna eta salaketa ezinbestekotzat jotzen dute ekimenaren bultzatzaileek. Ildo horretan, eta jaso dituzten atxikimendu sinadurak kontuan hartuta, “positiboki eta modu aktiboan ekarpena egiteko gogo, konbikzio eta determinazio ikaragarria” dagoela deritzote Txantreako preso politiko ohiek. 200dik gora euskal preso politiko ohiren sinadurak jaso dituzte.

Jasotako atxikimendu guztiak bideoan jaso dituzte:

 

“Ahal dugun neurrian, dinamika honek ekimen berriak egonkortzea eta eratzea ahalbidetu dezan saiatuko gara. Halaber, inertziak gainditzen eta euskal preso politikoen aberriratze bidean aurrera egiten lagunduko duten lan eremuak irekitzen ere bai”, adierazi dute.