Bideoak erakusten du nola CNN telebista kateko nazioarteko buru Clarissa Ward kazetaria ari den sartzen Siriako kartzela sekretu batean, eta nola grabatzen den preso bat askatzen duten unea.
Irudietan ikus daiteke nola Clarissa Ward eta bere grabaketa taldea ari diren aurrera egiten espetxeko pasabideetan, eta nola halako batean egiten duten topo oraindik ere itxita zegoen ziega batekin. Barrura sartu eta tapaki baten azpian norbait dagoela ikusten dute. Berarekin dagoen guardia armatuak fusilarekin ukitu ondoren presoa beldurtuta altxatzen da, “zibila naiz, zibila naiz” esaka, eta ez egiteko minik erregutzen die bisitariei.
CNN kate estatubatuarraren arabera, presoa Adel Gharbal da, Homs hirikoa, eta hiru hilabete zeramatzan ziegan eguzkiaren argirik ikusi gabe. Taldearekin zihoan matxino siriar bat ari zen espetxeko guardia lanetan eta hark libre utzi zuen, katearen esanetan. Wardek ura eman eta kanpora lagundu zuen preso askatu berria.
CNN bere bideoa ikertzen ari da
Wardek deskribatu dituen eszena horiek eta beste batzuk jarri zituen X- sare sozialean. Bertan azaltzen zuen espetxean bizi izandako une horiek “20 urteko bere kazetari ibilbidean bizitako une apartekoenak” izan zirela.
Laster hasi ziren bideoari eta kazetariari buruzko goraipamenak, baina iruzur salaketak ere berehala barreiatu ziren sarean. Azken horien artean nabarmendu da Verfy Sy webgune siriarrak egindako salaketa. Webguneak ikertu du presoa eta lehenik esan du ez dela Adel Gharbal baizik Salama Mohammad Salama, Siriako aire armadako ofiziala.
Ezagutzen dutenen esanetan, Homs hirian hainbat kontrol guneren arduraduna izan da, eta ezagun egin da atxiloketa, tortura eta ustelkeria kasu ugariengatik. Hain zuzen ere, horietako batean bere agintari batekin izandako desadostasunen ondorioz bukatu ei zuen espetxean. Verify Sy-k egiaztatu du, halaber, nola Damasko erori ondoren aldatu zuen bere telefono zenbakia eta nola utzi zituen bertan behera bere sare sozialak. Webguneak dioenez, hori guztia berresten duten lekukoen grabaketak ditu, baina ez ditu argitaratu haiek babesteko.
Verify Sy-ren ustez, grabaketek erakusten dituzten gauza asko oso bitxiak dira. Batetik, izen faltsuarena; bestetik, Wardek ez ei du garbi azaltzen zergatik den preso hori espetxean aurkitzen duten bakarra. Horrez gain, hiru hilabete eguzki argirik ikusi gabe egoteko eta espetxe mota horretan, nahiko itxura onean ikusten zaiola azpimarratzen dute, batez ere kontuan hartuta preso gehienak zein egoera tamalgarrian ateratzen diren ikusita.
Azterketa egin dutenen esanetan, halaber, harrigarria da kalera atera eta presoak gora begiratzen duenean argiak ez egitea inongo minik hiru hilabetean eguzkirik ikusi ez duenean. Wardek aipatu izan du presondegi barruko gertaerak irudian agertu bezala gertatu zirela, eta CNNk iragarri du gertatutakoa ikertzen ari dela.
Al Jazzera eta Middle East Eye moduko bideoek ere eman dute albistearen berri.