argia.eus
INPRIMATU
Preso politikorik ez dagoela esan du Eusko Legebiltzarrak
  • Eusko Legebiltzarrak onartu egin du Espainiako Estatuan "preso politikorik ez dagoela" dioen testua. PPk eta PSEk adostu zuten eta UPyDk ere babestu du. EAJren abstentzioari esker onartu da testua. Erabakiak ondorio judizialik izango duen ikusteke dago orain, litekeena delako "preso politikoa" kontzeptuaren erabilera debekatzea.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko maiatzaren 17a
EH Bilduko Lur Etxeberria herri harresiaren aldeko kamiseta jantzita.

EH Bilduk soilik bozkatu du testuaren aurka.

Bizkaiko Batzar Nagusiek ere "Espainian preso politikorik ez dagoela" dioen adierazpena onartu dute, PPren eta PSEren aldeko botoekin,  EAJren abstentzioarekin eta EH Bilduren aurkako botoarekin.

EH Bilduren hitzetan, EAJk "preso politiko" terminoaren "kriminalizazioa" ahalbidetu du, "horrek ondorio judizialak izan ditzakeela dakien arren". Julen Arzuaga legebiltzarkidearen hitzetan, "Estatuan preso politikorik ez dagoela eta eskubideak eta askatasunak bermaturik daudela onartuz, EAJ PPren eta PSEren konpartsa bihurtu da eta Bateragune auziko espetzeratzeak, besteak beste, ontzat eman ditu".

Maribel Vaquero EAJko legebiltzarkideak "antzerkia" baztertzeko eskatu die Legebiltzarreko alderdiei, eta gisa honetako eztabaidetan "zintzoki" parte hartzeko. Honelako gaiak bake eta bizikidetzari buruzko batzordean landu beharko liratekeela dio, eta PPri eta UPyDri dei egin die egitasmoarekin bat egi dezaten. "Preso politikoak" terminoari dagokionez, esan du ez direla "kontzientzia presoak edo preso politikoak", baizik eta "helburu politikoak dituzten presoak".