Preso politikoen nazioarteko eguna den honetan, bai Euskal Herriko eta bai mundu osoko preso politikoekiko oroimena eta elkartasuna zabaldu dute zenbait elkarte eta erakundek, horiek Covid-19aren krisi honetan bizi duten egoreraz ohartaraziz eta beren espetxealdiarentzako irtenbideak aldarrikatuz.
Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak zabaldu du honako mezua: "Gaur, apirilaren 17an, preso politiko guztiei eta haien senideei gure maitasuna, gure elkartasuna eta etorkizunerako itxaropen mezua helarazi nahi diegu, denok lanean jarraitzen baitugu. Etxean eta bizirik nahi ditugulako".
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, bere aldetik, plazaratu duen agirian oroitarazi du euskal preso eta errepresaliatuen amnistiarena ezinbesteko aldarrikapena dela, azpimarratuz "pertsona hauek borrokara bultzatu zituzten arrazoien konponketa" beharrezkoa dela.
Askapena mugimendu internazionalistak gogorarazi du 2004an Euskal Herrian burutu zen Preso Politikoen Nazioarteko Konferentzian adostu zela apirilaren 17a izendatzea Preso Politikoen Nazioarteko Egun. Orduko ildo beraretik, esan dute "geure errekonozimendua adierazi nahi dugu munduko preso politikoekiko, honela munduko herrien askapen borrokak geure egiten ditugulako, eta preso politiko guztien askatasuna exijituz, herrien askatasunaren aldeko oihua lau haizetara zabaldu nahi dugulako" eta "besarkada internazionalista iraultzaile eta maitasunez bete betea" bidali die espetxe frantses zein espainoletan dauden euskal preso politiko guztiei.