argia.eus
INPRIMATU
Preso politiko katalanei indultua ematearen aurka agertu da Espainiako Auzitegi Gorena
  • Auzitegi Gorenak argudiatu duenez, preso independentistek ez dute damurik erakutsi. Epaiaren gaineko azken erabakia Espainiako Gobernuarena izango da eta Espainiako Estatuko presidenteak adierazi du "adiskidetasuna" eta "mendeku eza" kontuan izango dituztela.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko maiatzaren 26a
Argazkia: Dani Codina / La directa

Kataluniako erreferendumaren inguruko sententzia atera zuen epaitegia, Espainiako Auzitegi Gorena, preso politikoak zein kondenatutako gainerakoei indultua ematearen aurka azaldu da. Auzitegiak esan duenez, ezarritako zigorrek ez dute “propoltzionaltasun printzipiorik urratu” eta ez dago indultuak justifikatzeko arrazoirik. Horrez gain, auzipetutakoek "damu zantzurik txikiena ere" erakutsi ez dutela nabarmendu du Gorenak bere posturaren berri ematerakoan.

Horretarako, Jordi Cuixartek epaiketan esandako "berriz ere egingo dugu" esaldiari heldu diote goreneko magistratuek. Horri erantzun dio Cuixartek, "demokraziaren eta autodeterminazio eskubidearen alde, ez diegu sekula uko egingo oinarrizko eskubideei, protesta ez-biolentoari eta desobedientzia zibilari. Distraziorik ez: atzo, gaur eta behar den guztietan egingo dugu berriz".

Gorenak indultuen inguruko txostena argitaratu aurretik hitz egin du Pedro Sánchez Espainiako Estatuko presidenteak. Indultu eskaerak aztertzerakoan gobernua "zigorrak" baino "adiskidetasunak" gidatuko duela esan du, "espainiar guztien elkarbizitzaren onerako" erabakia hartzeko.