Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, 50 euskal preso ohi ingururi ibilgailuak, kontu korronteak eta ondasun higiezina errekisatzeko operazioa abiatu du Guardia Zibilak, "biktimak indemnizatzeko funtsak lortzeko helburuz".
Guardia Zibila ustez preso ohienak diren hainbat auto eta furgoneta eramaten ari da kaleetatik grua bidez. Barakaldon, Gasteizen eta Hego Euskal Herriko beste hainbat tokitan atzeman dituzte ondasunak.
Juan Ignacio Zoido Barne ministerioak azaldu duenez Zerga izeneko operazioan "ETAri loturiko delituengatik zigorturiko" presoen ondasunak ari dira atzematen. Ministerioaren oharrak ñabardura dakar: ikertutako 50 preso ohi gehienak "kale-erasoengatik" zigortuak izan ziren bere garaian. Denera zortzi milioi euroko "zorra" lukete, espainiar arduradun politikoaren esanetan.
Iturrri horien arabera, higiezinak diren 14 ondasun identifikatu dituzte, tartean aparkalekuak, etxebizitzak eta lokal komertzialak. Baina ez dute zehaztu preso ohiek zein partizipazio duten ondasun horietan, jabe bakar ote diren edo jabetza harremana zein den.
Horrez gain 45 kontu korronte blokeatu ditu Guardia Zibilak eta soldatapeko 30 langileren nominetan esku hartu dute, ustez preso ohiei lotuak, "lanbidearteko gutxieneko soldata gainditzen duten zatia kentzeko".