argia.eus
INPRIMATU
Preso maputxeak gose eta egarri greban daude, Txileko Gobernuari askatasuna eskatzeko
  • COVID-19 dela-eta, Txileko Gobernuak presoen herena askatu du, baina 13.321 preso horien artean bat bera ere ez, preso politiko maputxerik (egun 26 dira). Lau hilabetez gose greba egin dute eta horietatik hamaseik egarri greba ere hasi dute.

     

ARGIA @argia 2020ko abuztuaren 31

Tanya H. Medina kazetariak landu du erreportajea El Salto hedabidean. Gose greban luze dirauten preso hauetatik hamaika ospitaleratuak izan dira eta haien egoera larria da. 26 preso maputxeak hiru kartzelatan daude preso. Horietako batzuk kondenatuak izan dira dagoeneko, eta beste batzuek hilabeteak daramatzate preso, epaiketa zain.

Lebuko kartzelako preso politiko maputxeek abuztuaren 28ko komunikatu honetan salatu dutenez, beren moduluko funtzionarioen artean COVID-19 kasuak baieztatu dira, eta hiru preso politiko maputxek sintomak dituzte. Gose grebaren ondorioz sintoma larriak (takikardiak eta beste) dituztenak ere ez dituzte kartzeletako medikuek behar bezala artatzen, eta presoen konfiantzazko medikuei ukatu egin diete kartzeletara sartzea. Preso hauen egoera larria ezkutatzen ari dela salatu dute.

Kartzeletatik kanpo, familiek kanpamendua sortu dute, bertatik Gobernuari egunero eskatzeko erreakzionatu dezan. Herrialdean zehar elkartasun martxak eta protestak egiten ari dira.

Maputxeen borroka

Txileko Gobernuak 2008an sinatu zuen 169 Hitzarmena bete dezala eskatzen dute. Dokumentu horrek herri gisa aitortzen ditu Maputxeak, eta beren lur eta lurraldearen gaineko eskubideak ematen dizkie, baita beren hizkuntza, nortasuna, hezkuntza eta osasuna kudeatzeko ere. Nazioarteko dokumentu horrek baita ere dio eremu penalean, jatorrizko herriek beren kulturarekin bat datozen neurri bereziak izango dituztela, eta kartzelaren aurrean lehentasuna emango zaiela bestelako zigorrei. Pandemia garaian hau inoiz baino beharrezkoagoa dela salatu dute.