argia.eus
INPRIMATU
Preso gaixoen etxeratzea eskatu dute milaka pertsonak Donostian
  • Larunbatean Donostiako Bulebarretik abiatu zen preso gaixoen aldeko manifestazioak milaka lagun bildu zituen. Sarek antolaturiko ekimenak arratsaldeko bostak aldera ekin zion ibilbideari “Larriki gaixo dauden euskal presoak etxera. Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea” zioen pankartaren atzetik.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko urriaren 17a
Milaka pertsona bildu ziren Donostian preso gaixoen alde. (Arg.: Dani Blanco)

Manifestazioa hasi aurretik Ixiar Arteaga Sareko bozeramaileak instituzioei eta jendarteari dei egin zien: “Gaurko manifestazioarekin aktibazio ziklo berri bati hasiera emango diogu. Gaixo larri dauden presoen gaiak urgentziazko irtenbidea behar du”. Joseba Azkarragak “etxean eta bizirik” nahi dituztela azpimarratu zuen.

Manifestazioaren lehen lerroetan presoen senideak kokatu ziren. Sareren “Salatzen dut” dinamikako hatz erakusleak eraman zituzten hauek, presoen argazkiekin. Gerturatu zirenen artean EH Bilduko ordezkaritza zabal bat izan zen, Arnaldo Otegi, Pello Urizar eta Maddalen Iriarte tartean. Elkarrekin Podemos alderdiko parlamentari Pili Zabala ere bertan izan zen.

Ordubete inguruko martxaren ostean, manifestazio burua seiak aldera iritsi zen berriz ere Bulebarrera. Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohi eta Nerea Alias aurkezleak hartu zuten hitza. Elkorok presoen aldeko mugimenduaren sorrera izan zuen hizpide: “Gogoan dut orain dela 40 urte, Bergarako alkate nintzela, nola etorri ziren Txillida, Iñaki Cacho, Miguel Castells, Felix Soto eta beste batzuk, eta zintzilikatu zuten Bergarako udaletxeko balkoian pankarta bat, askatasuna eskatzeko. Eta jaso zuten erantzuna, herria zutik ipini zen, indartu zen, eta lortu zuen preso guztiak kaleratzea. Zergatik orain ez, orduan egin bazen?”

Aliasek, berriz, Espainiako eta Frantziako estatuen jokaera kritikatu zuen: “Ez diegu utziko gaitz larri eta sendaezinak dituzten hamar euskal presoen bizitzekin jolas daitezen”.