Etxerat elkarteak elkarretaratzeak deitu ditu larunbatean Baionan eta Ondarroan, Ibon Fernandez Iradi, Iosu Uribetxeberria eta larri gaixorik dauden gainontzeko presoak aska ditzatela eskatzeko.
Bake prozesuak aurrera egiteko baldintzetako bat preso dauden gaixo larriak askatzea dela adierazi du Etxeratek.
Horrez gain, Patrick Dallennes Baionako suprefetari preso gaixoen egoeraz hitz egiteko zita eskatu dio elkarteak, bereziki Fernandez Iradiren kasuan esku har dezan, Frantziako Estatuaren erantzukizuna “lehen mailakoa” dela iritzita.
Larunbateko elkarretaratzeak ez dira euskal presoen aldeko ekimen bakarrak izango. Hileko azken ostiralero egin ohi den modura hainbat herritan elkarretaratzeak deitu dituzte eta larunbatean Hendaiako Ondarraitz zelaian preso eta iheslarien aldeko futbol 7 txapelketaren hamaikagarren edizioa jokatuko da.