Hainbat erakundek deituta, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko manifestazioa egingo dute Baionan ekainaren 14an. Deialdia bultzatzeko Ni ere banoa kanpaina jarri dute martxan.
Aurtengo otsailean 23 erakunde batu ziren Baionan, Frantziako Gobernuak Euskal Herriko bake prozesuan duen jarreraz eztabaidatzeko. Euskal preso eta iheslarien eskubideen alde konpromiso “eraikitzaile eta zintzoa” hartu zuten gogoeta horren ondoren hainbat alderdi politiko, sindikatu eta herri mugimenduk.
Geroztik EPPK-k eta iheslarien kolektiboak eman dituzten urratsak nabarmendu dituzte manifestazioaren deitzaileek. Baionan Bake Bideak antolatu zuen foroaren garrantzia ere azpimarratu dute. Hitzordu horrek balio izan zuen, deitzaileen aburuz, prozesuaren auzia gizarteratzeko eta oinarriak jarri ditu urrats gehiago emateko.
Urrats horietako bat izango da ekainaren 14ko manifestazioa. “Giza eskubideak, konponbidea, bakea” izango da mobilizazioaren leloa eta ahalik eta jende gehienak parte har dezan kanpaina abiatu dute. Besteak beste, Twitter bidez ere jarrai daiteke ekimena. Manifestazioa babesten duten pertsonekin argazkiak partekatzen ari dira.
Ekimenaren aurkezpena