argia.eus
INPRIMATU
Preso eta iheslari politikoen aldeko urteroko ekitaldi nagusia aurtengoan 216 herritan egingo da
  • Urtero euskal preso eta iheslari politikoak etxeratzea aldarrikatuz urtarril hasieran egin ohi den mobilizazio nagusia aurtengoan, COVID-19a dela eta, Bilbon eta Baionan burutzeko orde Euskal Herri osoko 216 herritan egiteko deia egin du Sare mugimenduak, urtarrilaren 9rako.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 31
Sareko arduradunak urtarrilaren 9ko ekitaldirako deialdia egiten hedabideen aurrean. (Argazkia: Sare)

Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko urteroko ekimen erraldoia aurtengoan modu berezian antolatu du Sare mugimenduak, urtarril hasieran Bilbo eta Baionan egin ohi diren manifestazio masiboak egin ezinik. Horren ordez, ekimena Euskal Herriko 216 herritara zabaldu du.

Urtarrilaren 9rako, larunbata, Sarek bi ekitaldi proposatu ditu. Goizeko 11:30etan, Bilboko Euskalduna jauregian alor sindikal, sozial eta politikoko ordezkariak batuko dituen ekitaldia egingo dute. Hedabideei erakundearen arduradunek adierazi dietenez, «Sarerentzat kalean herritar anitzek erakusten duten aktibazio eta aldaketa nahi hori bezalaxe, sindikalgintzan, eragileen aldetik, alor politikoan edota instituzionalean lortutako adostasunak berebiziko garrantzia baitute. Guztiok gara giltzarri konponbiderako».

Arratsaldean, berriz, 216 herritan barreiaturik egingo dira mobilizazioak: giza-kateak, mosaikoak, manifestazioak,  ekitaldi musikatuak eta abar. Eta herri guztietako parte hartzaileek une jakin batean «argiztatutako bidea» irudikatuko dute, mugikorretako argiak baliatuz osatutako argazkia.

Sareko arduradunek bi aldarri nagusi azpimarratu dituzte 2021ko mobilizazioetarako. Alde batetik, urruntze politika behingoz ezabatzea: «[Espainia eta Frantziako agintarien aldetik] Aldaketa batzuk ematen hasiak diren arren, oraindik ere ez da benetako hauturik egin urruntze politikarekin amaitzeko. Euskal presoek Euskal Herriko espetxeetan egoteko eskubide osoa dute, legeak hala jasota. Ondorioz, aurtengo urtarrilean ere, aldarri hau lehen lerroan ezarri dugu, senideei orokorrean eta bereziki haurrei eta nagusienengan duen eragin zigortzailea ahaztu ezinean».

Beste aldetik, euskal presoei legeen barruan zor zaien eta presondegietako agintariek sistematikoki ukatzen dieten gradu progresioa ere aldarrikatuko da mobilizazioetan. Presoen artetik 107k oraindik lehen graduan jarraitzen dute, horrek beren eskubideetan eragiten dituen murrizketa guztiekin. Ororen buru, Sareko arduradunek nahiko lukete 2021. urte berria, salbuespenezko espetxe politikaren aldaketaren urtea izatea, eta hori izango da herriz herriko mobilizazioetan eskatuko dena: "Ezinbesteko baldintza baita konponbidearen bidean eta elkarbizitzaren bidean aurrera egiten jarraitzeko. Eta horretarako, gu guztion aktibazioa eta kalean aldarri hau zabaltzea ere behar beharrezkoa dugu".