argia.eus
INPRIMATU
Preso errepublikarrek Gernikatik Bermeora berreraikitako trenbidearen ibilbidea egingo du Sarek
  • Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrena gogoratzeko ekitaldien baitan, Gernika-Lumoko Sarek memoriaren ibilbidea osatu du eta larunbatean egingo dute, Gernikatik Bermeora preso errepublikarrek berreraikitako trenbidea jarraituz.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko apirilaren 21

Gernika Memoriaren Lekuko plataforman parte hartzen duen Sarek ekimen berezia antolatu du apirilaren 23an, larunbatarekin, Gernikako bonbardaketaren bezperatan egiteko: Gernikatik Bermeorainoko trenbidea, preso errepublikarrek gerraostean berreraikia, aitzaki izango dute haien historia ezkutarazia ezagutu eta gogoratzeko.

Trenbidea Zornotzan hasi eta Sukarrietan amaitzen zen 1936an gerra hasi zenean, baina frankisten bonbardaketen ondorioz kalteturik suertatu zen eta preso errepublikarren lan esklaboaren bidez berreraiki zuten ondoren. Gainera, 1950eko hamarkadan Sukarrietatik Bermeorainoko zatia egin zen.

Presoek oso baldintza txarretan egiten zuten lan, hainbat tunel zabaldu behar izan baitzituzten, eta ihesaldi saiakerak ere izan ziren. Bermeo arteko zatia 1956an inauguratu zuen Francisco Franco diktadoreak, oraindik erabat amaituta ez zegoela. Ondoren, obratan aritu ziren gatibuak urrunagoko langile-batailoi batzuetara bidali zituzten, kondena amaigabea betetzen jarrai zezaten.

Sareren ibilbidea Gernikako tren geltokitik abiatuko da 12:00etan eta pasealekuan amaituko dute. Bertaratzen direnei esku-orria banatuko diete informazio gehiagorekin.

Gernika-Lumoko Sarek hainbat ekitaldi antolatu ditu martxotik hasieratik ekainera bitartean, eta Gernikako bonbardaketaren urteurrena gogoratzeko ekimenaz gain, gaur egun euskal presoek dituzten hainbat problematika mahairatuko ditu, esaterako zigor batuketena.