argia.eus
INPRIMATU
Preso dauden idazle eta kazetarien eguna ospatuko da Donostian
  • Adierazpen askatasunik ez dagoela eta preso dauden eta errepresioa pairatzen duten idazle eta kazetarien egoera salatzeko errezitaldiak eta mahai-ingurua izango dira ostegunean Donostian. Donostiako Udalak, Euskal PEN Klubak eta Ataramiñe elkarteak antolatuta.

2012ko azaroaren 13a
Azaroaren 15ean ospatuko da preso dauden idazle eta kazetarien eguna.

Donostiako bulebarrean egingo dira informatzen jarduteagatik edo beraien ideiak plazaratzeagatik preso dauden pertsonen aldeko errezitaldiak eta mahai-ingurua. Hainbat lagunek, beraiek aukeratutako testuak irakurriko dituzte; ARGIAk ere parte hartuko du errezitaldi hauetan. Ondoren, Laura Mintegi Euskal PEN klubeko lehendakariak, Fermin Munarriz kazetariak eta Mitxel Sarasketa itzultzaileak mahai inguru bat osatuko dute. Urtzi Urrutikoetxeak jardungo du gidari lanetan.

Donostiako Udalak, Euskal PEN Klubak eta Ataramiñe kultur elkarteko kideek bat egin dute egun hau ospatzearekin. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak Euskal Herrian lehen aldiz egiten den Nazioarteko Idazle Espetxeratuen Eguna bertan ospatzea “ohore” bat dela jakinarazi du. Urtzi Urrutikoetxea Euskal PEN Klubeko kideak ere garrantzitsua dela nabarmendu du egun honen harira ekitaldiak egitea Euskal Herrian ere. Egin eta Euskaldunon Egunkaria itxi eta hainbat kazetari espetxean baitaude.

Ataramiñek jakinarazi zuenez, beraien parte hartzea ekitaldi hauetan “logikoa” da “idazle preso eta preso idazle dikotomian mugitzen" direla eta EPPK-ko kideen produkzio literarioa oparoa dela.