argia.eus
INPRIMATU
Preso ohi baten amari ‘Mozal legea’ aplikatu diote semearen bila espetxera joateagatik
  • Mari Paz Casanova Mozal Legea erabiliz zigortu dute abuztuaren 24an Egoi Alberdi semea espetxetik irten behar zen egunean  atarian haren zain egoteagatik eta "komunikatu gabeko kontzentrazioa" egotzita.

ARGIA @argia 2018ko otsailaren 01
Navalcarneroko espetxe atarian semearen zain egoteagatik isuna jarri dio poliziak euskal preso baten amari.

Egun horretan Madrilgo Navalcarnero espetxeko atarian zegoen zain beste hainbat pertsonekin, semea libre noiz geratuko, eta poliziak identifikatzeko eskatu zion. ARGIAk jakin ahal izan duenez, Casanovak erantzun zion ez zela inongo kontzentrazioa eta semea askatzen zuten unean joan egingo zirela. Hala, Egoi Alberdi askatu zuten unean, Donostiara itzuli ziren.

Hilabete batzuk geroago gutuna iritsi zaio Concepción Dancausa Madrilgo Erkidegoko Espainiako Gobernuko Ordezkariaren izenean, esanez “behar bezala komunikaturik ez zegoen kontzentrazio bat” egin zela Navalcarneron eta bera identifikatu zela poliziaren aurrean hango arduradun.

Gutunak dioenez, aipatutako “gertaerak” administrazio arau hauste “arina” dira eta 100 euroko isuna jarri diote preso-ohiaren amari.

Egoi Alberdi semea Donostiako herri harresiak inguraturik atxilotu zuten, Segiko kide izan zela egotzita. Torturatu egin zutela salatu arren, sei urtetik gora egin ditu espetxean. Azken lau urteak Navalcarneron. Bere bisitan joan direnek 976 kilometro egin behar izan dituzte joan etorrian.