argia.eus
INPRIMATU
Preso batek bere buruaz beste egin du Baionako kartzelan, hirugarrena sei hilabetean
  • Espetxeko administrazioaren gardentasun eza eta kartzelako gehiegizko okupazioa kritikatu du Frantziako Abokatuen Sindikatuak. Beste hainbat kartzelatan gertatutako heriotzak ere salatu ditu Salhaketa elkarteak, 2012an Zaballako (Araba) espetxean izandakoak kasu.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko azaroaren 17a

Azaroaren 13an aurkitu dute presoa bere ziegan urkatuta. Hiru egun zeramatzan Baionako kartzelan espetxeratua, eta haur pornografiagatik zegoen kondenatua. Kartzeletako Nazioarteko Behatokiak (OIP) jakinarazi duenez, 40 urte inguruko gizona zen, lehenago ere bere buruaz beste egiten saiatu zena. Espetxeko psikiatrak suizidio arriskurik sumatu ez zuen arren, bere ziegako kidea patioan zegoela urkatu zuen bere burua.

2016ko maiatzean beste bi preso hil ziren Baionako espetxean, OIPk salatu zuenez. Horietako batek bere burua urkatu zuen. Bestearen heriotza, aldiz, irentsitako “substantzia kantitate handi batek” eragin zuen. Azken hori zaindariak abisatzen saiatu zen, baina ziegatik ateratzeko aitzakia zela pentsatu eta kasurik egin ez ziotela azaldu du OIPk.

Kartzelaren funtzionamendua kritikatu du Delphine Payen-Fourment OIPko koordinatzaileak. Izan ere, Baionako kartzelako okupazioa %150 eta %160 artekoa da. Horrez gain, espetxeko administrazioaren gardentasun eskasa salatu du Frantziako Abokatuen Sindikatuak, “heriotzen gaineko informaziorik eman ez duelako”.

Salhaketa elkartea

Baionakoa ez da kasu bakarra. Izan ere, beste hainbat kartzeletan izandako heriotzak salatu ditu Salhaketa elkarteak. Horren adibide da Zaballako espetxea. 2012an bertako lau preso hil ziren, bi kartzelan, eta beste bi ospitalean. Zaballako bizi baldintza latzak eman zituen aditzera Salhaketak, eta txostena plazaratu zuen egoera salatzeko.

“Espetxeetako egonaldiak patologiak eta kutsadura-prozesu fisiko eta psikologikoak sortzen dituela” salatu zuen elkarteak informean. Horren harira, errehabilitazioari eta delituen prebentzioari dagokienez, kartzela “indargabea” dela azaldu izan du Cesar Manzanos Salhaketako kideak: “Espetxeak birgizarteratzeko baino, zigor-sistema erreproduzitzeko daude”.

Salhaketa elkartetik kartzelatan bizitza eskubidea “urratu” egiten dela salatu dute, eta “zigorraren, mendekotasunaren eta debekuen bidez heztea bultatzen dela”.