argia.eus
INPRIMATU
Preso bat topatu dute hilik berriro ere Zaballa espetxean
  • Salhaketa Arabak eman du heriotzaren berri. Elkartearen arabera, 47 urteko jatorri hegoamerikarreko gizonezkoa da hildakoa, eta bere burua urkatu du. Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik Arabako espetxean hiltzen den bigarren presoa da.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2023ko azaroaren 27a
Argazkia: irekia.eus

Larunbatean bere ziegan aurkitu zuten hilotz presoa, baina espetxeak ez du gertaeraren berri eman. Behin Salhaketak albistea emanda, Jaurlaritzak EITBri baieztatu dio heriotza.

Salhaketako Julen Guarestik EITBri azaldu dionaren arabera, egunak ziren presoa ez zegoela ondo, eta larunbatean bere buruaz beste egin zuen. Elkarteak adierazi du presoa bakarrik zegoela bere ziegan. Horrek esan nahiko luke ez zaiola suizidioaren aurkako protokoloa aplikatu, protokoloak eskatzen baitu presoa bakarrik ez egotea.

"Euskal espetxe ereduak huts egiten du"

“Espetxea eta birgizarteratzea bateraezinak dira, antagonikoak”, adierazi dio EITBri Guarestik. “Kartzelak buruko gaixotasunak izateko baldintzak sortzen eta areagotzen ditu”, salatu du, presoaren egoerari erreferentzia eginez. Bi urte dira Jaurlaritzak EAEko espetxeen eskumena jaso zuela, eta Guarestiren ustez ez da funtsezko aldaketarik izan. Eskumen aldaketaz geroztik Zaballan hiltzen den bigarren presoa da asteburu honetakoa. Apirilean, Malek izeneko gaztea aurkitu zuten ziegan hilotz. Jaurlaritzak adierazi zuen Malek ez zegoela suizidioen aurkako protokoloan, familiak adierazi bazuen ere bere buruaz beste egiten saiatu zela aurretik. “Euskal espetxe ereduak huts egiten du, betiko eredua izaten jarraitzen duelako", salatu du Guarestik.