Zaballako presoen osasunaren ardura Osakidetzarena dela, eta heriotza datuak Europako kartzelen antzekoak direla azpimarratu du Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak. Espetxe sistema zein funtzionario eta medikuen lana txalotu ditu.
Lau preso hil dira dagoeneko aurten Zaballako makro-espetxean, beste bost hil ziren 2019an. Besteak beste heriotza horiengatik galdetu diote gaur Denis Itxasori Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Heriotza bakar bat ere “gehiegizkoa” dela adierazi du Itxasok, Espainiako Konstituzioak espetxeei ematen dien funtzio “birgizarteratzailean” huts egitea dela. “Baina hortik aurrera”, jarraitu du, “azpimarratu nahi dut presoen %30-40 inguru buruko gaixotasun mentalak dituztela, eta %70ak droga menpekotasunak”.
Datuak horiek sistema “errotik” birplanteatzeko arrazoia ez ote den galdetu dio esatariak jarraian. Lehenik eta behin EAEko presoen osasunaren arduraduna Osakidetza dela azpimarratu du Itxasok. Europan datuak antzekoak direla adierazi du ere, eta COVID-19aren kutsatzea eragozteko egin den lana nabarmendu du. Azkenik, kartzelako funtzionario eta medikuak egiten duten lan “izugarria” txalotu, eta aurreratu du Zaballako zuzendaria Osakidetzako hainbat arduradunekin bilduko dela aste honetan, heriotzen harira.
Preso politikoen eskubideak, kasuz kasu
Azken asteetan gerturatu dituzten euskal preso politikoei dagokienez, Itxasok ukatu du “adostutako” neurriak direnik. Erabakiak modu indibidualean hartzen direla azaldu du, eta gradu aldaketa edo gerturatzea presoen eskutan utzi du, “benetako borondatea eta egindako guztiagatiko damua agertzen badu, eragindako mina onartzen badu eta benetan gizarteratzeko asmo bat agertzen badu”, eskuratu dituela adieraziz.