argia.eus
INPRIMATU
Ainhoa Aznarez, Nafarroako Legebiltzarreko lehendakaria
“Presidente euskalduna, feminista eta errepublikazalea naiz”
  • Podemos Ahal Dugu-ko Ainhoa Aznarez da Parlamentuko presidente berria. 26 boto izan ditu alde, eta 24 boto zuri izan dira. Foru Legebiltzarreko lehen presidente euskalduna da.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2015eko ekainaren 17a
Ahal Duguko Ainhoa Aznarez izendatu dute Nafarroako Legebiltzarreko lehendakari.

Abian da Nafarroako Parlamentuko IX legealdia. Eraketa bilkuran, Ahal Duguko Ainhoa Aznarez hautatu dute presidente moduan. 44 urte ditu. Altsasuarra da. Haur hezitzailea. PSNko kide ohia. Alderdi horrekin, Iruñeko zinegotzia izan zen. Eta bere burua modu honetan definitu du, karguaz jabetu berritan: “Presidente euskalduna, feminista eta errepublikazalea naiz”.

Kazetarien aitzinean egindako lehen hitzetan, Aznarezek bizi dugun unearen garrantzia nabarmendu du: “Une historikoa da, aldaketaren unea. Nafarroa grisa atzean utzi nahi dugu, Nafarroa koloretsua lortzeko”. Bide horretatik, Parlamentua herritarrei zabalduko dietela gaineratu du: “Batzarrak egiteko tokia ere izanen da”.

Eraketa bilkuran, euskara nagusi

Gaurko eraketa bilkuran euskara izan da nagusi, Adin Mahaiko presidente Koldo Martinezek euskara hutsean egin baitu saio ia osoa. Gainera, parlamentari karguaz jabetzeko tenorean 21 parlamentari euskaldunek euskaraz hitzeman edo zin egin dute. Haietako askok, euskara hutsean. Haien artean, UPNko Cristina Altunak eta Iñaki Iriartek. Kurioski, lehen sei parlamentariek euskaraz jardun dute: Virginia Aleman (Geroa Bai), Cristina Altuna (UPN), David Anaut (EH Bildu), Adolfo Araiz (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai) eta Miren Aranoa (EH Bildu).

Hizkuntza aferak alde batera utzita, parlamentari askok formula luzeak erabili dituzte hitzeman edo zin egiteko tenorean. Geroa Baiko, EH Bilduko eta Ahal Duguko denek nabarmendu dute legeak hala aginduta egiten zutela. Izquierda Ezkerrako Nuinek errepublikazalea dela azpimarratu du.

Bestalde, Urritasunak dituzten pertsonak zaintzen dituzten zentroetako langileek elkarretaratzea egin dute Parlamentuaren aitzinean, UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek sinaturiko pankarta batekin. Yolanda Barcina jarduneko presidenteak esan du bera eta bere alderdikideak iraindu egin dituztela. Zenbait kazetarik horretaz galdetu diote Ainhoa Aznarezi. Parlamentuko presidenteak erantzun du bera irainen aurka dagoela, baina adierazpen askatasuna ere errespetatu beharreko balorea dela.

(CC lizentzia baliatuta, Euskalerria Irratitik jasotako albistea. Hemen origilanala: Ainhoa Aznarez: "Presidente euskalduna, feminista eta errepublikazalea naiz"