Hitz egin du; baita urduritasuna erein ere. Bere aldekoen artean, hizlaria nola dagoen erakusten duelako. Gainerakoon artean, haren pentsaera argitzen digulako.
Joe Biden presidentearen hanka-sartzeen aniztasuna ez ezik sakonera mitikoa bihurtzen ari da. 2024ko munduak horixe bakarrik behar zuen. Zer esanik ez bere hauteskunde-kanpainak.
Oraingoan, ekonomia-immigrazioa-xenofobia hirutasunari suertatu zaio Bidenen asmazioa: “Zergatik dago Txina horren gaizki ekonomikoki, zergatik ditu arazoak Japoniak, zergatik Errusiak, zergatik Indiak; xenofoboak direlako. Ez dute etorkinik nahi. Etorkinak dira indartsu egiten gaituztenak”.
Ez da erraza horren esaldi laburrean hainbeste kaikukeria uztartzea. Baina Bidenek bote lasterrean egin duela ematen du.
Orokorrean, ez dut uste inork inoiz frogatu duenik xenofobiak beherakada ekonomikoa erakartzen duenik. Aitzitik, alderantzizkoa, estualdi ekonomikoak xenofobia erein eta gartu dezaketela, hamaika aldiz egiaztatu den zerbait da, nik uste.
AEBek historia luze bezain zabala dute atal horretan. Preseski, asiar jatorriko langile etorkinak izan dira historikoki, beltzekin batera, halakoen nozitzaile handienak AEBetan. Bai lege-bidez eta bai eraso zuzenez. Sarkastikoena da haietako batzuen oinordekoen aurrean jaulki zuela Bidenek bere ergelkeria, Asian American, Native Hawaiian and Pacific Islander Heritage Month-aren hastapenean. Nork bere propaganda sinesten duenean, horrelakoak gertatzen dira.
Zehaztasunetan murgilduz, “irekitasunaren” eredu eta onuradun liratekeen AEBen BPGa %2,5 hazi zen iaz (aurreikuspenak onduta); haatik, Bidenek maiseatuen artean, Japonia bakarrik ibili zen horren azpitik (%0,9). Errusia %3 inguru hazi zen, Txina %5,3 eta India %6,8.
Buruhauste ekonomikoak izango dituztela haiek ere? Bai, noski. Bidenek immigrazioari egiten dion “ongietorriak” Mexikorekiko mugan gorabeheraren batzuk dituen bezalaxe. Eta AEBetako gizartean xenofobiaren tankera guztia duen zerbait hedatzen ari denean.
Halaz eta guztiz ere, Bidenen ateraldiari arbuiatu zaion gauza bakarra izan da bi aliatu (Japonia eta India) bi etsairekin (Txina eta Errusia) zaku berean sartu izana. Bost axola dio nonbait iraganeko nahiz egungo errealitateak.
Enperadore biluzaren fabulak badu, beraz, XXI. mendeko remakea: presidente biluzak, larrugorritan dagoela ez ohartzeaz harago, gogotik epaitzen du ingurukoen –adiskideen zein etsaien– janzkera. Eta egitatea salatuko duten haurrak falta dira, agidanez.