argia.eus
INPRIMATU
“Presarik gabe” filosofia, mundutik zabaltzen
  • Cittaslow edo “presarik gabeko herrien” mugimendua zabaltzen ari da munduko toki askotan. 200 herri inguruk osatzen dute filosofia hau jarraitzen dutenen sarea, horien artean Mungia, Lekeitio eta Balmaseda.

Garazi Zabaleta 2015eko abuztuaren 17a
Cittaslow mugimendua zabaltzen ari da munduko toki askotan (argazkia: cittaslow.org)

Slow Food (presarik gabeko janaria) mugimenduaren ideiatik sortu zen Cittaslow. Carl Honoré kazetari kanadiarrak Elogio de la lentitud lanean azaltzen duenez, duela 150 urte industrializazioarekin sartu ginen abiaduraren aroan, eta geroztik “etengabeko presaz bizirauten dugu”.

1999an Cittaslow mugimendua sortu zuen Paolo Saturninik. Greve in Chianti, Italiako Toscanako herriko alkate zen Saturnini, eta Ameriketako jatorrizko herrien “ongi bizitzearen” (Sumak Kawsay) filosofian oinarritu zen bere ideia lantzeko.

Mugimenduaren parte diren herriek egunerokotasuneko erritmo frenetikotik eta hiperkontsumismotik at bizi eredu iraukorra planteatzen dute. Kultur aniztasuna bultzatu eta munduko herrien homogeneizazio eta amerikanizaziotik aldentzea du helburu mugimenduak, herrien bizi kalitatea hobetuz. 

Munduan sakabanatutako herri ugari, presaren aurkako sare berean

Sareko partaide izateko herriek ezin dute 50.000 biztanle baino gehiago izan, eta arlo anitzak lantzeko konpromisoa hartu behar dute: ingurumena, oinarrizko saneamendua, bertako gastronomia, energia berriztagarriak, arkitektura tradizionala edota herritar guztientzat pentsatutako hezkuntza lantzea oinarrizko ideiak dira Cittaslow mugimenduan.

Europako, AEBetako, Txinako, Australiako nahiz Hego Afrikako 30 herrialdetan dago presente “Ongi Bizitzeko Herrien Sarea”. Katalunian hainbat herrik lortu zuten ziurtagiria, baita Euskal Herrian ere.