argia.eus
INPRIMATU
Presak kenduta, izokinak Elizondoraino ailegatu dira eta Leitzaranen gero eta gehiago ikusten dira
  • LIFE-Irekibai proiektu europarrari esker, Bidasoan eta Leitzaran ibaietan izokinen ibilbidea oztopatzen zituzten presak kendu dituzte azken urteotan eta, horren ondorioz, «izokina Bidasoan goiti Elizondoraino ailegatzen ahal da eta Leitzaranen duen presentzia sendotu da».

Erran .eus @erran_eus 2020ko azaroaren 27a
Guztira hamaika presa kendu dituzte Bidasoan eta Leitzaranen. (Argazkia: Erran)

Ondorio horiek eta bertze batzuk aurkeztu dituzte gaur goizeko prentsaurrekoan, proiektuaren azken mintegia asteazken honetan itxi ondotik. Prentsaurrekoa Donostian egin dute, eta bertan izan dira Pablo Muñoz Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko zuzendari nagusia, José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Herri Lan Saileko diputatua eta Antonio Aiz URA Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia. 2016az geroztik egindako ekintzen balantzea egin dute. 

Jardueren hiru ardatz nagusiak

Proiektuaren ekintzak hiru jarduera-ardatz nagusiren inguruan antolatu dituzte. Batetik, ibaiak lehengoratzea, inbertsioaren zatirik handiena hartu duen zatia da hori; bertzetik, ibai-arroen kudeaketari eta lehengoratzeari buruzko ezagutza hobetzea; eta, azkenik, gure ibaiek ematen dituzten ingurumen-balioei eta -zerbitzuei buruz gizartea sentsibilizatzea.. 

Horretarako, LIFE-Irekibai proiektuak 3 milioiko aurrekontua izan du. Kopuru horretatik %60 LIFE programarenak ziren eta Natura 2000 Sareko eremuetan garatu da: Leitzaran ibaia, Baztan ibaia eta Artesiaga erreka, Belate, Bidasoa ibaia, Artikutza eta Bertizko jaurerria.

Laburbilduz, arrain-faunaren joan-etorri askea eragozten zuten 11 presa kendu dituzte (horietako batzuk presa handi gisa katalogatuta zeudenak, Leitzaranen Inturiaren kasua esaterako), duela gutxira arte gaindiezinak ziren paretak igarotzeko pasabideak egokituz. Gainera, ibaietan enborrak paratu dituzte, bisoi europarra babesteko, izokin atlantikoaren habitata hobetzeko edo ibaiertzetako higadura murrizteko. Proiektu honen baitan eta ibai hauen lehengoratzeari esker, gaur egun, Bidasoan Elizondoraino ailegatzen ahal dira izokinak, Txinguditik 64 kilometro goiti egin ondotik. Leitzaranen gauza bera egin dezakete 61 km-ko tartean.