argia.eus
INPRIMATU
Prep, GIBaren aurkako beste hesi bat
  • Estrategia eta neurri ugari daude GIB birusari aurre egiteko; horien artean Prep esposizio aurreko profilaxia. Birusarekiko esposizio arrisku handia dutenek eskatu dezakete.

Olaia L. Garaialde 2024ko abuztuaren 02a
Argazkia: EFE

GIB birusari aurre egiteko dauden tresna biomedikoetako bat da Prep, esposizio aurreko profilaxia.  Prebentziorako tratamendu antirretrobirala da, eta birusarekiko esposizio arrisku handia dutenei zuzenduta dago. Sare Elkarteko Leticia Remón Serratek azaldu du “oso eraginkorra” dela, baina eraginkortasuna “nabarmen” jaitsi daitekeela ez bada egoki hartzen. Egunero eta ordu berean hartu behar da. Halere, ez du beste sexu bidezko infekzioetatik babesten.

Orokorrean leku guztietan Prep botika hartzeko neurriak antzekoak diren arren, lurralde bakoitzean irizpide desberdinak daude. Nafarroaren kasuan, 18 urtetik gorakoek, gizon homosexualek, gizon bisexualek edota gizonekin sexua daukaten gizonek, sexu langileek eta emakume transek eskatu dezakete botika. Horrez gain, azken urtean bete beharreko bi irizpide daude: hamar bikote sexual baino gehiago eduki izana, preserbatiborik gabe uzki bidezko sexua praktikatu izana, sexuan drogak erabili izana, Prep esposizio osteko profilaxia hartu izana edo infekzio sexual bat edo gehiago eduki izana.

Remónen arabera, eskaria beste emakume batzuei era zabaldu beharko litzateke: “Gure ustez pertsona askorekin harreman sexualak dituzten emakume guztiak ez dira sexu langileak. Emakume askok, gizon askoren arrazoi berdinengatik eta generoak eragindako arrazoiengatik zailtasunak dituzte preserbatiboa erabiltzeko. Hortaz, horiek ere esposizio arrisku altua izan dezakete”. Horregatik, uste du eskaintza “pertsonalizatuagoa” izan beharko litzatekela: “Ez da soilik sexu orientazioa; zerikusi handia dauka momentuko bizimoduarekin, zaintzeko eta harremantzeko moduekin, komunikatzeko estrategiekin eta besteekin”.

Botika eskatzeko sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroetara joan behar da. Arreta hori eskaintzen dutenak bi dira Nafarroan: Andraize Iruñean eta Tuteran. Zentro horietan balorazioa egin, eta zentrora jotzen duenak botika hartu nahi badu Nafarroako edota Tuterako ospitalera bideratzen dituzte. Horrez gain, Sare elkartetik ere, GIBa hautemateko proba azkarra egiteaz gain, osasun sexualaren inguruko aholkularitza ematen dute eta batzuetan, ospitalera bideratzen dituzte.

Nola eskuratu

Tratamenduarekin hasten direnei hiru hilabetetik behin segimendua egiten diete ikusteko dena ongi doala, ez dutela beste sexu bidezko infekziorik eta ez dituela beste osasun arazoak. Azken finean, tratamendu bat da, eta ondorio asko ez dituen arren, luzaz hartuta giltzurrunetan kalteak sor ditzake Gainera, ez da gomendagarria giltzurruneko arazoak edo arazo hepatikoak dituztenentzat.

Hasieran “gutxi” ziren botika hartzen zutenak, baina Remónek dioenez, jendeak ezagutu duen heinean handitu egin da erabilera. Nabarmendu du botika hartzeak “nolabaiteko lasaitasuna” ematen diela zenbait kolektibotako pertsonei: “Horrek sentiarazi dezake zaintzen den eta zaintzen duen pertsona bat dela eta prebentzio neurriak hartzen dituela”. Kontrako erreakzioa dutenak ere badirela dio: “Beste batzuek estigma handia daukate, eta promiskuitatearekin eta beste gauzekin lotzen dute”. Horregatik, uste du “kontu handiz” jokatu behar dela zenbait kolektibo, praktika eta erabilera berriz ez estigmatizatzeko.