argia.eus
INPRIMATU
Prentsaurreko batengatik Mozal Legeaz zigortu dituztela eta ez dutela ordainduko jakinarazi du Bizitza Da Handienak
  • Munduko Turismo Erakundeak Donostian egin zuen bilkuraren atarian, herri mugimendu eta hainbat sindikatuko kideek Ertzaintzak erabilitako bortizkeria salatu zuten prentsaurre bidez. Bada, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Mozal Legea aplikatu die hizlariei. Zigortuek prentsara bidalitako ohar batean adierazi dutenez, akusazioa "gezurretan oinarrituta" dago eta ez dute ordainduko.

ARGIA @argia 2018ko azaroaren 30
Prentsaurreko honengatik zigortu ditu Eusko Jaurlaritzak. (Argazkia: Dani Blanco)

Joan den Maiatzaren 19tik 27ra, Euskal Herriko 60 herri mugimendu eta sindikatutik gorak deituta, Bizitza Da Handiena borroka sozialen astea antolatu zuten Donostian, "boteretik herritarron gehiengoaren aurka eta gutxiengo baten alde inposatzen ari diren politikei aurre egiteko".

Astebeteko dinamika herritarrak erantzun errepresiboa jaso zuela salatu dute. Tabakalerako atxiloketak salatzeko Hernani kaleko Jaurlaritzaren egoitza aurrean prentsari begira maiatzaren 24an egin zuten agerraldiarengatik Mozal Legea aplikatu eta 100 euroko isuna jarri die Barne Sailak, agerraldi hura kontzentrazio bat izan zela argudiatuz eta bertan zen kideetako bati ardura leporatuz, une hartan inor identifikatu ez zuten arren.

"Gauzak horrela, BDHk erabaki du gezurrean oinarriturik isun hori ez duela ordainduko eta dei egiten die Jaurlaritza eta Ertzaintzari Gasteizko Legebiltzarrak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta baita Donostiako Udalak ere baztertu duten PPk inposaturiko Mozal Legearen aurrean desobedientziaz aritu daitezen, hori baita beraiek ordezkatzen duten euskal jendartearen gehiengoaren nahiarekin bat egiteko modua", adierazi dute.

Lau herritar epaiketa bidean

Horrez gain, Tabakalera ondoan egin zen protestaldian jende ugari identifikatu zuen indarrez Ertzaintzak eta horietako bi epaiketa bidean daude.

Azkenik, Idiazkez kalean okupatu zuten abandonaturik zegoen etxearen atarian, BDH dinamikan zegoen beste kide bat identifikatu zuen Ertzantzak, atariaren atean bere abokatuarekin zegoela. Gaur bi hauek ere epaiketa bidean daude, abokatua bera ere auziperatu bihurtu baitute.

Deitzaile anitzak

Ordena alfabetikoan, ondorengo eragileek deitu zuten Bizitza Da Handiena astea: Abaraska etxebizitza kooperatiboa, Adi! ustelkeriaren aurkako elkartea, Aingura kofradia, Aiuri Antiespezista, Alde Zaharreko gazte asanblada, Alderdi Ederreko Pentsionisten Asanblada, Aman Komunak, Amara Berriko Superxagu Jai Batzordea, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Pentsionisten Asanbladak, Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatua, Askapena, Askekintza, Azkoitiko MataderoEkintzak, Bakea eta Duintasuna, BiziLagunEkin plataforma, CDR Tolosaldea Goierri, CNT, Diario Fatxo, Donostiako Asanblada Feminista, Donostiako Ikasle Abertzaleak, Donostiako Komite Internazionalistak, Donostiako Zinemaldi Alternatiboa, ELA, ESK, Eguzki, Ernai, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, Eskifaia kofradia, Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Firestone, Gelditu Metroa Antiguon, Gipuzkoa Zutik, Groseko Asanblada Feminista, Guardetxea, Guneak zabaltzen, Hazten Hasten kultur egitasmoa, Hondarpe Groseko Auzo Elkartea, Hotel + EZ, Jaizkibel Herriarena, Kalera Kalera, Kimera Antiespezista, Kortxoenea, LAB, Langileen Babes Sarea, Letaman gaztetxea, Manu Robles Arangiz Fundazioa, Marruma Kulturalak, Olatukoop, Ongi etorri errefuxiatuak, Oraingoan Bai, Oñatiko Antixena gaztetxea, Plaza Feminista, Pototak Asanblada Feminista, Pottogorriak, Arrasateko talde feminista, Salatu, Sare Antifaxista, Satorralaia, Txantxarreka gaztetxea, 0) Txitxibitxiak Antiguako Talde Feminista eta Zergatik ez?