argia.eus
INPRIMATU
Prentsaren Nazioarteko Institutuak ere Mozal Legea bertan behera uzteko eskatu du
  • Axier Lopez ARGIAko kazetariari jarritako isuna eta Mozal Legea bera landu dituzte, besteak beste, Prentsaren Nazioarteko Institutuak (IPI ingelesez) egindako erreportajean (gaztelerazko bertsioa).

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko apirilaren 15

“601 euroko isuna ordaindu beharko du Axier Lopez ARGIAko kazetariak, martxoaren 3ko polizia operazio bateko irudiak sareratzeagatik. Salaketak dioenez, irudi horiek erraztu egiten dute polizien identifikazioa, eta horrek arriskua ekar diezaieke funtzionarioei”. Horrela azaldu du IPIk Lopezen kasua.

Kazetariak uko egin dio isuna ordaintzeari, “legea eta isuna injustuak direlako”, adierazi dio kazetariak Prentsaren Nazioarteko Institutuari telefono bidez egindako elkarrizketan.

Legearen helburua: beldurra eta autozentsura eragitea

Institutuaren arabera, ARGIAko kazetariari jarri dioten isunak argi uzten du IPIk eta lau nazioarteko elkartek Prentsa askatasunaren egoera Espainian: 2015 txostenean jaso zutena: lege horren helburua beldurra eta autozentsura eragitea da.

“Lege hori kazetarien aurka aplikatzeak eragiten du komunikabideen funtzioa ahultzea, eta galarazi egiten du erakunde publikoen –segurtasun indarrak tartean– jokabideaz informatzea”, adierazi du Scott Griff IPIko Adierazpen Askatasunaren proiektu zuzendariak.

Espainiako Estatuko Informazio Askatasunaren Aldeko Plataforma (PDLI) ere iritzi berekoa da, eta nabarmendu du lege horrek “urratu” egiten duela informaziorako eskubidea.

Axier Lopezi babesa adierazteko mobilizazioak

Axier Lopezi babesa adierazteko elkarretaratzea ere aipatu dute erreportajean: “Publikoki salatu dugu isuna, legearen inguruko eztabaida piztu dadin komunikabideetan eta kalean”, dio Lopezek.

Legea indargabetzeko emandako urratsak ere hizpide dituzte erreportajean. Europako Parlamentuan, La Directa, Diagonal eta Ahotsa hedabideek jarri zuten helegitea, eta apirilaren 5ean, Espainiako Kongresuak lege hori indargabetzeko proposamena onartu izana, besteak beste.

Hain zuzen, Scott Griff-ek adierazi du Espainiako alderdi politikoak konturatu behar dutela lege hori bertan behera uzteko beharraz.