Komunikazioaren ikuspuntutik ere emango du zer ikasia Donostiako Aske Guneak: sare sozialek eta hedabide independenteek kontatu dute bertan gertatua, medio nagusiek estali duten hein berean. Bistan da, garai berriak bizi ditugu, baita komunikazioaren esparruan ere.
“Inoizko albisterik txiokatuena euskaraz eta ziurrenik ez dugu ikusiko hedabide gehienetan”. Asier Sarasua eibartarrak joan den igande goizean Twitter sare sozialean bidalitako mezua da, Ertzaintzak Lander Arbelaitz ARGIAko kazetariari egindako erasoa erakusten duen bideoari buruz. Dokumentu hori bezala, Donostiako Bulebarrean antolatu den mugimendu zibilari buruzko beste hainbat albistek, bideok eta argazkik ere milaka ikusle izan dituzte Interneten.
Joan den asteko gairik beroena izan da sare sozialetan baina, hedabide nagusiek, publikoek barne, ez diote tokirik egin. Medio batzuk izan ezik (Berria, Gara, Naiz, Info 7, Irutxuloko Hitza, ZuZeu, Sustatu, ARGIA…), Segikoak izateaz akusatuta kartzelan sartu nahi zituzten Donostiako zortzi gazteen inguruan isiltasuna nagusitu da.
Isiltasuna? Ez. Ez da hitz egokia. 34.000 lagunek baino gehiagok ikusi dute Youtuben Bulebarreko Herri Harresiaren azken 20 minutuetan gertatutakoa erakusten duen ARGIAren bideoa (askoz gehiago izango dira hau irakurtzen duzunerako).
Aske Guneari buruzko informazioak mundu osora iritsi dira: Errusiako Ruptlyk, Russia Today hedabidearen albiste agentziak, Donostian grabatutako hainbat bideo zabaldu ditu. Twitter bidez Europako puntu askotara heldu dira berriak: Ingalaterra, Herrialde Katalanak, Espainia, Frantzia, Italia.
Inflexio puntua hedabideentzat
Nola lortu dute Donostiako gazteek halako oihartzuna? Aske Gunea abian jarri eta berehala agertu zen kezka gaiak izan zezakeen jarraipen informatiboaz. Espainiako hedabideek isilaraziko zutela argi eduki zuten, gero jabetu ziren EITBk ere ez zuela informatuko. Eta Herri Harresia eraikitzearekin batera, harresi informatiboa gainetik pasatzeko estrategia prestatu zuten: atxilotzera zihoazen zortzi gazteen egoera esplikatzen duen manifestua hainbat hizkuntzatara itzuli; Bulebarrean bildutako jendeari galdetu eta atzerriko hedabideei berri emateko gai ziren pertsonak lanean jarri; gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez Twitter kontuak sortu (apirilaren 16an itxi egin zizkieten, eraginkorrak izaten ari ziren seinale argiagorik?).
M15 edo Occupy mugimenduen antzeko komunikazio estrategia izan da, mezu positiboetan oinarritua, herritarrei ahotsa eman diena, momentu bakoitzean gertatzen ari zenarentzat Twitterreko etiketa egokia prest eduki duena (#resist8 eta #basque8 eguneko tag erabilienen artean izan ziren Espainiako Estatuan). Gainera, igorritako mezuek kondenatutako gazteen egoera pertsonalari garrantzia eman diote, maila estrategikoan erabili dute atxiloketen giza-drama, Segiko militanteen kideko ez diren jendeak ere erakarriz.
Komunikazioaren ikuspuntutik ikasgai asko eman ditu Aske Guneak. Inflexio puntua izango da euskal hedabideen historian. Kazetaritza independenteak herritarren laguntzaz asko dezake. Orain, fenomeno puntuala izatetik egunerokora nola pasa asmatu behar da.