Prentsa independenteak asko dezake, herritarrekin

  • Komunikazioaren ikuspuntutik ere emango du zer ikasia Donostiako Aske Guneak: sare sozialek eta hedabide independenteek kontatu dute bertan gertatua, medio nagusiek estali duten hein berean. Bistan da, garai berriak bizi ditugu, baita komunikazioaren esparruan ere.


2013ko apirilaren 23an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
#Askegunea eta gaiarekin lotutako beste etiketak bolo-bolo ibili dira sarean.

“Inoizko albisterik txiokatuena euskaraz eta ziurrenik ez dugu ikusiko hedabide gehienetan”. Asier Sarasua eibartarrak joan den igande goizean Twitter sare sozialean bidalitako mezua da, Ertzaintzak Lander Arbelaitz ARGIAko kazetariari egindako erasoa erakusten duen bideoari buruz. Dokumentu hori bezala, Donostiako Bulebarrean antolatu den mugimendu zibilari buruzko beste hainbat albistek, bideok eta argazkik ere milaka ikusle izan dituzte Interneten.

Joan den asteko gairik beroena izan da sare sozialetan baina, hedabide nagusiek, publikoek barne, ez diote tokirik egin. Medio batzuk izan ezik (Berria, Gara, Naiz, Info 7, Irutxuloko Hitza, ZuZeu, Sustatu, ARGIA…), Segikoak izateaz akusatuta kartzelan sartu nahi zituzten Donostiako zortzi gazteen inguruan isiltasuna nagusitu da.

Isiltasuna? Ez. Ez da hitz egokia. 34.000 lagunek baino gehiagok ikusi dute Youtuben Bulebarreko Herri Harresiaren azken 20 minutuetan gertatutakoa erakusten duen ARGIAren bideoa (askoz gehiago izango dira hau irakurtzen duzunerako).

Aske Guneari buruzko informazioak mundu osora iritsi dira: Errusiako Ruptlyk, Russia Today hedabidearen albiste agentziak, Donostian grabatutako hainbat bideo zabaldu ditu. Twitter bidez Europako puntu askotara heldu dira berriak: Ingalaterra, Herrialde Katalanak, Espainia, Frantzia, Italia.

Inflexio puntua hedabideentzat

Nola lortu dute Donostiako gazteek halako oihartzuna? Aske Gunea abian jarri eta berehala agertu zen kezka gaiak izan zezakeen jarraipen informatiboaz. Espainiako hedabideek isilaraziko zutela argi eduki zuten, gero jabetu ziren EITBk ere ez zuela informatuko. Eta Herri Harresia eraikitzearekin batera, harresi informatiboa gainetik pasatzeko estrategia prestatu zuten: atxilotzera zihoazen zortzi gazteen egoera esplikatzen duen manifestua hainbat hizkuntzatara itzuli; Bulebarrean bildutako jendeari galdetu eta atzerriko hedabideei berri emateko gai ziren pertsonak lanean jarri; gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez Twitter kontuak sortu (apirilaren 16an itxi egin zizkieten, eraginkorrak izaten ari ziren seinale argiagorik?). 

M15 edo Occupy mugimenduen antzeko komunikazio estrategia izan da, mezu positiboetan oinarritua, herritarrei ahotsa eman diena, momentu bakoitzean gertatzen ari zenarentzat Twitterreko etiketa egokia prest eduki duena (#resist8 eta #basque8 eguneko tag erabilienen artean izan ziren Espainiako Estatuan). Gainera, igorritako mezuek kondenatutako gazteen egoera pertsonalari garrantzia eman diote, maila estrategikoan erabili dute atxiloketen giza-drama, Segiko militanteen kideko ez diren jendeak ere erakarriz.

Komunikazioaren ikuspuntutik ikasgai asko eman ditu Aske Guneak. Inflexio puntua izango da euskal hedabideen historian. Kazetaritza independenteak herritarren laguntzaz asko dezake. Orain, fenomeno puntuala izatetik egunerokora nola pasa asmatu behar da.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA
2025-03-27 | ARGIA
proiektuak 10 urte!
Lurrari begiratzen diogunok badugu aldizkari berezi eta berria: Bizi Baratzea Orria

Gaur, martxoak 27, ARGIA komunikabidearen egoitzan aurkeztu dugu Bizi Baratzea Orria, urtaro bakoitzean zabalduko den aldizkari berria. Horrekin batera ospatu dugu ARGIAren Bizi Baratzea proiektuak 10 urte betetzen dituela aurten. Bizi Baratzeako kolaboratzaileak eta ARGIAko... [+]


2025-03-19 | Estitxu Eizagirre
Bizi Baratzea Orria: ARGIAk abiatu duen aldizkari berria, Bizi Baratzea proiektuaren 10. urteurrenean

Urtaro bakoitzean kaleratuko den aldizkari honek Lurrari buruzko jakintza praktikoa eta gaurkotasuneko gaiak jorratuko ditu. Formato oso berezia du: plegatutako orri handi bat da eta zabaldu ahala poster handi bat agertuko zaigu barnean. ARGIAk sostengatzen du Bizi Baratzea... [+]


2025-03-10 | ARGIA
Badator Bizi Baratzea Orria, ARGIAren aldizkari berri eta berezia

Gaur abiatu da Bizi Baratzea Orrian kide egiteko kanpaina. Urtaro bakoitzean kaleratuko den aldizkari berezi honek Lurrari buruzko jakintza praktikoa eta gaurkotasuneko gaiak jorratuko ditu, formato oso berezian: poster handi bat izango du ardatz eta tolestu ahala beste... [+]


Pedro Ignazio Barrutia
‘Gabonetako ikuskizuna’: desbergonzadu perroa! (Belengo estalpean euskañolez)

Belendik Mondragoera joan-etorrian ibiltzeko aireplanoa zeukan Pedro Ignazio Barrutiak eta mendeetan barrena bidaiatzeko Delorean-gurdia ere bai. Ez da gutxi, kontuan izanda Fagor taldeak konpositeetarako lerroak martxan jarri baino askozaz lehenago bizi izan zela, XVIII... [+]


Eguneraketa berriak daude