Gutxienez 201 dira 2023ko urriaz geroztik Israelek Gazan hildako kazetariak. Abenduaren 26 honetan hildako azken bostak Al-Quds telebista katean zebiltzan lanean.
Al-Quds kateko bost kazetari hil ditu Israelek abenduaren 26 honetan, Gazaren erdialdean den Nuseirateko errefuxiatu kanpalekuan. Autoak 'prentsa' bereizgarria zeraman arren, erasoa bideratu eta hil dituzte auto barneko bostak. Gogorki salatu du hilketa komunikabideak, zabalduriko ohar baten bidez: "Krimen sionista hau kazetarien kontra lehendik ere egin diren krimenei gehitzen zaie, baita herri palestinar borrokalariaren kontrako sarraskiari ere. Guk, Al-Quds telebista katean, gure lankideen galeragatik negar egiten dugun bitartean, erresistentziaren aldeko mezuarekin lanean jarraitzen dugula baieztatzen dugu".
Gutxienez 201 dira dagoeneko Gazan 2023ko urritik Israelek hildako kazetariak. Prentsa askatasunaren alde dabiltzan egiturak izugarri kezkatuak dira: ez da munduan eta historian beste gatazkarik kazetariak hain jomugan dituenik. Kazetarien Babeserako Batzordeak eta Mugarik Gabeko Erreportariak erakundeek argi dute: Israelek nahita hiltzen ditu palestinar kazetariak. Gerra estrategiaren parte den bide horretaz idatzi genuen Urriaren 7az geroztik, 142 kazetari hil ditu Israelek Gazan: bi egunero kazetari bat erreportajean.
Nahiz eta azken egunetan su-etena adosteko esperantzak leku pixka bat hartua zuen, berehala zapuztu da lortzeko aukera. Ezin izan dute adostu su-etenik, eta bi aldeek dute bestearengain jartzen porrotaren ardura. Su-etenaz gain, israeldar okupatzaileen erretiroari, presoen askatzeari zein palestinarren itzulerari buruzko baldintza batzuk gehitu ditu Israelek azken unean, Hamasek onartu ez dituenak. Hamas "gezurretan" ari izana deitoratu du bere aldetik Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk. Qatar eta Egipto dabiltza, berriz ere, bitartekotzaari lanetan.
Hori horrela, aitzina doa palestinarren kontrako genozidioa: ofizialki, iazko urriaren 7az geroztik, 44.000 palestinar hil eta beste 105.000 kolpatu ditu Israelek Gazan. Ur eta jaki eskasia orokortuari aurre egiteko laguntza humanitarioaren oztopatze sistemikoa, aterpe guztien suntsiketak zein beharturiko tokialdaketak ere badarabiltza Israelek palestinarrak desagerrarazteko estrategia modura.
Gainera, negua heldu zaie Gazara, eta Mugarik Gabeko Medikuak GKEak argi du: "Negua azkar iritsi zaie, eta aterpeak ez daude prest. Urtebete eman dute eguzkipean, eta ez dira batere egokiak azken asteetan Gazan ikusi ahal izan diren hotzari eta euri jasei aurre egiteko. Eremu batzuk erabat urperatu dira, eta itsaso ondoko kanpadendak ere partzialki urperatu dira".