Enpresa batek kereila jarri du Aragoiko AraInfo hedabidearen eta haren bi kazetariren aurka, baita Zaragoza en Común-eko zinegotzi baten aurka. Zaragozako Udalak enpresa horri emandako dirulaguntzen inguruan, komunikabide independenteak argitaratutako informazioari erantzuteko jarri dute salaketa. “Kazetariak beldurtzeko eta isilarazteko saiakera” dela salatu dute AraInfoko lagunek.
Inversiones Empresariales Ebro enpresak AraInforen eta Chorche Tricas eta Iker González hedabidearen sortzaile eta kazetariaren aurkako kereila jarri du, baita Suso Domínguez Zaragoza en Comúneko zinegotziaren kontrakoa ere bai. Irainak, kalumniak eta sekretuen berri ematea leporatzen die enpresak. AraInfoko lankideek azaroan argitaratu zituzten bi artikuluren ondorioz etorri da salaketa.
Enpresa horri Zaragozako Udalak emandako dirulaguntza batzuen berri eman zuten Arainfon. Kereila jaso duten bi kazetariek sinatutako bi artikuluetan, enpresarien eta agintarien arteko gertuko harremanak eta dirulaguntzen esleipenean irregularrak izan zitezkeen hainbat faktore azaldu zituzten. Adibidez, Inversiones Empresariales Ebro enpresako burua dela Escuela y Despensa elkarte sozial, kultural eta enpresarialaren sortzailearen semea. Bera izan zen Zaragozako Luis Buñuel Zentro Sozial Komunitarioaren aurkako auzibidea martxan jarri zuena. 2023ko otsailean hustu zuen Zaragozako Udalak, orduan Jorge Azcón (Aragoiko Gobernuko presidentea) eta Zaragozako egungo alkate Natalia Chuecaren (PP) agindupean.
Prozesu judizialaren hasiera
Inversiones Empresariales Ebrok zuzenketa publikoa eskatu dio AraInfori ondorengo bi artikuluetan: "Zaragozako Udalak (PP) 70.000 euroko dirulaguntza eman dio gaur egun itxita dagoen polo-frankizia bati" eta "Chuecaren lagunentzako beste 65.000 euroko dirulaguntza". Oraingoz, prozedura adiskidetze-fasean dago, eta bi aldeen arteko bilera martxoaren 6an egingo dute Zaragozako epaitegietan. Enpresak dagoeneko iragarri du kereila aurkeztuko duela hedabidea zigortu dezaten. Zigor Kodearen arabera, bi urteko espetxe-zigorra eta/edo milaka euroko isuna izan daitezke.
“Ez gaituzte isilduko”
AraInfoko langileen batzarrak akusazioak errefusatu ditu eta argitaratutakoa ez dutela aldatuko iragarri du. Halaxe diote hitzez hitz: "Badakigu oasia garela Aragoin, boterearekin kritiko diren hedabide bakarretakoa. Horregatik, salaketa hau hartzen dugu prentsa-askatasunaren eta informazio-eskubidearen aurkako beste eraso judizial baten aurrean beldurtzeko saiakera gisa. Kazetariak eta hedabideak beldurtzea eta isilaraztea besterik bilatzen ez duten erasoak dira. Prentsa librearen idiosinkrasian dago beldurra gainditzea eta eskubidea defendatzeko erarik onena horixe da: argitaratzea".
Kazetarien aurkako kereilak etenik gabe Espainiako Estatuan
Azken urteotan ARGIAk harreman zuzena eraiki du Arainfo hedabidearekin eta bertako kazetariekin, kazetaritza ulertzeko era partekatzen dugun beste hedabide independente batzuekin batera: Herrialde Katalanetako La Directa eta El Salto kasu. Hain zuzen ere, lau hedabideok, salbuespenik gabe, azken urteotan hainbat mehatxu eta kereilari egin behar izan diegu aurre kazetaritzarekin lotutako gure jardun profesionalagatik.
AraInfoko lagunek zabaldu berri duten komunikatuan eraso horietako batzuk zerrendatu dituzte: "Prentsa-askatasunaren aurkako erasoak etengabeak izan dira azken urteotan Espainiako Estatuan. Hemerotekako adibideak ugariak dira: Diagonaleko (orain El Salto) Ter García kazetariarena 2014an, Raúl Capín fotokazetariarena 2016an, eta Verónica Landa kazetariarena 2018an. 2023ko ekainean, Argia hedabideak prentsaurrekoa eman zuen — "Kazetaritza ez da delitua" komunikatua zabaldu ondoren — meatze-multinazional baten zentsura-saiakera salatzeko. Urte horretako azaroan, La Directa egunkariak 'Periodisme no és terrorisme' komunikatua kaleratu zuen, Jesís Rodríguez kazetaria Tsunami Demokratikoaren kasuan inputatu ostean. Duela gutxi jakin dugu Carlos Sosak, Canarias Ahora egunkariko zuzendariari 23 urteko kartzela-zigorra ezarri nahi diotela. Eta otsailaren 15ean, Jose Manzaneda euskal kazetariaren aurkako epaiketa egin zen, irainengatik, kalumniengatik eta gorrotoa bultzatzeagatik, beste salaketa baten biktima izan baitzen".
#AraInfoSinMordazas
Hedabide independenteen osasuna, neurri handi batean, elkarren arteko laguntzaren araberakoa dela azpimarratu dute Aragoiko kazetariek, eta, beraz, "hedabide bat zentsuratzen saiatzen badira, hedabide guztiok gara galtzaile". Horregatik, #AraInfoSinMordazas kanpaina abiatu dute informazio-askatasunaren alde egiteko. Babesa eskatu diete kazetaritza kritiko eta independentea defendatzen duten pertsona, kolektibo eta hedabide guztiei.