argia.eus
INPRIMATU
Prentsa askatasunak 130 herrialde baino gehiagotan ditu oztopoak
Ixone Arana @ixonearana1 2021eko apirilaren 21

Prentsa Askatasunaren Munduko Sailkapenak urtero balioesten du 180 herrialde eta lurraldetako prentsa-askatasunaren egoera. Azken azterketaren arabera, kazetaritzan aritzeak eragozpen larriak ditu zerrendako 180 estatuetatik 73tan, eta beste 59 estatutan oztopoak. Guztira, azterturako herrialdeen  %73an ezin da modu bateko edo besteko oztoporik gabe aritu kazetari lanetan.

Mugarik Gabeko Kazetariek argitaratutako zerrendaren arabera, Norvegia da kazetaritzan jarduteko herrialderik onena, eta Eritrea, aldiz, okerrena. Norvegiaren atzetik Finlandia dago eta hirugarren postuan Suedia. Eskandinaviako herrialdeak dira prentsa askatasunean nagusi.

Kazetaritza modu librean edo egoera egokian egin ahal da zerrendaren lehen hamabi herrialdeetan. Aurten Alemania talde horretatik kanpo geratu da, osasun larrialdiaren aurkako mobilizazioetan manifestariek kazetariei eraso egin zietelako. Ameriketako Estatu Batuen kasuan egoera nahiko ona dela azpimarratu dute, nahiz eta Trumpen agintaldian kazetariek ia 400 eraso eta 130 atxiloketa pairatu zituzten.

Beti ere Mugarik Gabeko Kazetarien zerrendaren arabera, Eritrea da kazetaritza lanetan aritzeko herrialderik okerrena, bertako informazioaren gaineko kontrol osoa baitauka gobernuak. Duela 20 urte hamar kazetari atxilotu zituzten herrialdean eta oraindik ere ez dute beraien berri eman. Txinaren kasuan ere kezka nabaria azaldu du erakundeak, oraindik ere zentsura, zaintza zorrotza eta interneteko propaganda ohikoak baitira. 

Espainiako Estatua eta Frantziakoa iazko leku berean daude, 29. eta 34. postuetan hurrenez hurren. Espainiako Estatuaren kasuan, erakundeen transparentzia urriak kezkatzen dituela adierazi du Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak. Pandemia egoerak ere baldintzak okertu dituela esan dute, alarma egoera eta indarrean dauden murrizketa guztiak direla eta.

Desinformaziorako txertoa

“Kazetaritza da desinformazioaren aurkako txertorik onena”, azpimarratu du Mugarik Gabeko Kazetarien idazkari nagusi Christophe Deloirek. Gainera, faktore politiko, ekonomiko eta teknologikoak direla-eta kazetaritza lanen ekoizpena eta zabalpena sarri blokeatua izaten dela salatu dute elkartetik.

Edelman Trust 2021 barometroaren datuen arabera, herritarrek mesfidantza dute kazetarien lanarekiko: 28 herrialdetako pertsonen %59k uste du kazetariek nahita zabaltzen dutela informazio faltsua.