EAEko hezkuntza sistemaren diagnostikoa aurkeztu du Jokin Bildarratz sailburuak eta datu esanguratsu bat eman du: 2012an hezkuntza premia bereziekin diagnostikatutako 14.200 ikasle izatetik 2021 urtean 23.800 ikasle izatera igaro dira. Pedagogia Terapeutikoko (PT) irakasle gehiago jarriko dituztela iragarri du.
Zehazki, bederatzi urtetan %59,6 handitu da behar bereziak dituzten ikasleen kopurua EAEko ikastetxeetan, eta hori antzematean eta diagnostikoan egin den aurrerapenari egotzi dio Hezkuntza sailburuak. Gainera, antzemate programak adinean gero eta lehenago egiten direla gehitu du sailburuordeak. Hurrengo ikasturtean 65 PT irakasle gehiago arituko direla iragarri du Bildarratzek.
Sailburuak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean aurkeztu duen txostenaren beste puntu beroa ebaluazio diagnostikoen emaitzak izan dira. 2021-2022 ikasturtean Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleek egindako ebaluazioen emaitzak dira, eta 2018koekin alderatu ditu Eusko Jaurlaritzak –aurrez 2018koa baino ez da egin–. Hizkuntzen arloan, LH bukaeran euskarazko gaitasunak “egonkor” jarraitzen du eta apur bat hobetu da ingelesean; DBH amaieran zerbait hobea da euskarazko gaitasuna eta 2018ko emaitzen antzerakoak dira gaztelania eta ingelesean.
HH, LH eta DBHn %90etik gorakoa da D ereduan ikasten duten ikasleen kopurua eskola publikoan. Itunpeko zentroetan D eredua gero eta gehiago zabaltzen ari dela, baina igoera mantsoagoa dela adierazi du Bildarratzek.
Gainerako gaitasunetan, atzerakada arina izan dute LH bukaerako ikasleek, batez ere gaitasun zientifikoetan, eta DBHn atzerakada txiki bat sumatu dute matematikan. Gaitasun zientifikoak ezin izan dizkiete neurtu, akats bat medio.
Neskek mutilek baino emaitza hobeak izan dituzte ikasgai gehienetan, batez ere euskaran eta ingelesean, eta mutilek emaitza hobeak lortzen dituzte matematikan, baina azken azterketetan asko murriztu da aldea.
Eskola-porrota
Eskola goiz uzten duten ikasleen kopurua %4,8koa izan zen 2021ean. Europan %9,7koa eta Espainiako Estatuan %13,3koa dela argitu du sailburuak. Ikasle gehienek hezkuntza ibilbidea goi mailako ikasketetaraino luzatzen dutela nabarmendu du Bildarratzek –16 urterekin ikasleen %98,7k segitzen du eskolan; 17 urterekin, ikasleen %95,5ak–.
Etxeko panorama soziokulturalaren eragina azpimarratu du sailburuak; ikasturtea errepikatu duen ikasleen %67 indize sozio-ekonomiko eta kultural baxua duen ikastetxeren batean dago ikasten.
Bai Lanbide Heziketara bai unibertsitatera salto egiten duten ikasle kopurua hazten ari da. Datorren ikasturtean, %9,1eko igoera izango du Lanbide Heziketako ikasleen kopuruak; EAEko unibertsitate publiko eta pribatuek berriz, 28.000 ikasle gehiago lortu dituzte hamar urtetan.
Txostena aurrerapen moduko bat izan da, EAEko ikastetxeen %22ren emaitzak baino ez dituelako kontuan hartzen. Diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztien emaitzekin txosten osatuagoa iragarri du Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, datorren udazkenerako.