Hilabete daramate greban Bilboko Arte Ederren Museoak azpikontratatuta daukan Manpower Group enpresako langileek, bizi duten egoera prekarioa salatzeko eta lan-baldintza duinak eskatzeko. Ekainaren 7tik greba mugagabean daude eta geroztik Arte Ederren Museoa itxita dago. Ekainaren 16rako eta 17rako “Prekarietatearen museoa” antolatu dute, Hau bai Hiperrealismoa lelopean.
Ostegun goizetik irekita egongo da “Prekarietatearen museoa”, Bilboko Arte Ederren Museoaren aurrean. ELA eta LAB sindikatuen babesarekin, Manpower Group enpresako langileek antolatu dute, grebarako ekintza gisa. Eskultura bizidunak egongo dira museo berezi horretan eta ekainaren 16an Arte Ederren Museoan Hiperrealismoaren inguruko erakusketa zabaldu dutelako aukeratu dute eguna. Euren egoera salatu nahi dute, metafora modura. Antolatzaileak “Eusko jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko udala eta Manpower” dira.
34 dira Bilboko Arte Ederren Museoak azpikontratatuta daukan Manpower Group Solutions enpresarentzako lana egiten duten langileak: hezitzaileak, takila beharginak, areto zaintzaileak eta denda zein harrera langileak dira. Duela hilabete inguru iragarri zuten greba, daukaten lan-hitzarmenaren baldintza prekarioak salatzeko. 900 euroko soldatara ez dira iristen, ez dute subrogazioa bermatuta eta astelehenetik igandera egiten dute lan, langile batek salbu gainontzekoek lanaldi murriztua baitute ezarrita.