argia.eus
INPRIMATU
Prekarietatearen aurkako 28. elkarretaratzea antolatu dute Bizkaiko Ezkerraldean
  • Murrizketa sozialak salatu eta lan baldintza hobeak eskatu dituzte hainbat sindikatuk eta eragilek ekainaren 19an Sestaotik Santurtzira egindako martxan.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 21a
Ezkerraldean egin den prekarietatearen aurkako 28. martxa. Argazkia: Ecuador Etxea.

“Ezkerraldea martxan, por un futuro digno” lelopean, 28. aldiz antolatu dute prekaritatea eta murrizketa sozialak salatzeko martxa Bizkaiko Ezkerraldean. Ekainaren 19an, Sestaotik irten eta Santurtzirainoko bidea egin dute hainbat sindikatuk, elkartek eta langilek. Antolatzaileek sistema kapitalistak eragindako krisi estrukturala konpontzeko aberastasunen bidezko banaketa aldarrikatu dute. 

Hainbat sektoreren inguruan bildutako eragileek hartu dute parte elkarretaratzean. Sindikatuen aldetik, ELA, LAB, STEILAS, ESK, CGT-LKN eta CNT-k deitu dute manifestazioa. Eskubide sozialen defentsan jarduten duten erakundeak (Berrio-Otxoak eta Santurtziko Eskubide Sozialen Bulegoa), elkarte feministak eta zaintzaren ingurukoak (Argitan, Neba-Neba eta Zaintza Gune Barakaldo), ikasle eta gazte antolakundeak (Ikama, Harian eta Ernai) eta talde ekologistak (Eguzki eta Barakaldo Naturala) ere bertaratu dira. Azkenik, deialdiarekin bat egin dute Bizkaia-Ezkerraldeko pentsiodunen elkarteak eta lan gatazkak dituzten enpresetako plantilla batzuek ere: ITP Aero-PCB, Petronor, Mediapost eta San Juan de Dios ospitaleko langile batzordeak.

Antolatzaileek hainbat arlori lotutako aldarrikapenak egin dituzte martxan zehar, baina salaketa guztiek errudun bakarra dutela nabarmendu dute. Kaleratu duten manifestuan esan dute gizarteak bizi duen egoera latza ez duela koronabirusak sortu: “kapitalismo bortitzak eragin du krisi ekonomiko, sozial, ekologiko eta demokratiko hau, eta orain, pandemiaren aitzakia baliatuko da gero eta aberastasun gehiago esku gutxiagotan pilatzen jarraitzeko”. Horren aurrean, konponbidea aberastasunaren bidezko banaketa dela azaldu dute, bereziki Ezkerraldean jasaten ari diren larrialdi sozialari (soldata kaskarrak, kaleratzeak eta prekarietatea) aurre egiteko. 

Martxaren abagunea erabilita, lan-erreformak eta pentsio-erreformak indargabetzeko eskaera egin dute antolatzaileek, eta 1.200 euroko guxtieneko soldata eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatu dituzte. Finantzaketaren aldetik salaketa egin dute, eta Espainiako Estatuko gastu militarra handitzearen aurka egin dute. Arlo publikoari lotuta, baita, kalitatezko zerbitzuen aldeko aldarrikapena zabaldu dute, bereziki zaintza duinduko duen sistema publiko baten eta emakumeen aurkako indarkeria desagerraraziko duen gizarte feministaren alde. 

Aurreko mobilizazioak

2020ko urtarrilaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako greba orokorra eta apirilaren 17an Sestaon egindako desindustrializazioaren aurkako manifestazioa izan dira ekainaren 19an egindako grebaren zedarri. Guztietan aldarrikatu dute “bizitza duina” jomuga duen sistema.