argia.eus
INPRIMATU
Bilboko “miseria laborala” ikustarazteko martxa egin du ELAk
  • ELAk antolatuta, EiTBn hasi eta BBVAn amaitu den prekarietatearen kontrako martxa egin dute ostiral goizean Bilbon, ibilbidean zehar aurkitu dituzten “esplotazio errealitateak” salatzeko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2016ko apirilaren 15

Sindikatu abertzaleak prekarietatea salatzeko abian jarri duen kanpainaren barruan, ekitaldi berezia izan dute honakoa. Prekarietatearen ibilbide gidatu bat antolatu dute Bilbon barrena: “Miseria laborala ugaria da –diote ELAtik– eta askotan multinazional edo bertoko enpresa ezagunek planifikatuta eta antolatuta dago”.

Prekarietate hori “ikustarazi eta salatzeko” hainbat geldialdi egin dituzte ibilbidean eta elkarretaratzeak egin, enpresa edo administrazio publiko esanguratsuetan dauden lan-baldintza eskasak agerian uzteko helburuz.

#PrekarietateariSTOP traola erabiliz martxaren inguruko mezu eta argazkiak zabaldu dituzte Twitter bidez bertan parte hartu dutenek:

 

 

Atento-ETBn Espainiako Estatuko telemarketing hitzarmena ezarriz 800 euro baino ez dutela kobratzen salatu dute, EiTB taldeko EEEak eta behin-behinekotasuna ere bai; NH Villa Bilbao hotelean azpikontrataturiko garbitzaileek gela bakoitzeko 2,5 euro kobratzen dutela, Osakidetzako pribatizazioa, Bellas Artes museoan outsourcing kontrataturiko langileen baldintzak, Iberdrolako azpikontratetako erabateko prekarietatea... Azken batean “agerrarazi zelan sufritzen ari den jende arrunta lan munduan”.

ELAk, administrazioetako agintariak ere “seinalatu” nahi ditu ekimen honen bidez, “ez baitute ezer egiten errealitate krudel hau aldarazteko”.

Martxaren inguruko argazki-albuma paratu du sindikatuak Flickr-en.