argia.eus
INPRIMATU
Prekarietatea salatu eta alternatibak proposatu dituzte milaka lagunek Bilbon
  • LAB sindikatuak deituta, prekarietatearen aurka manifestazioa egin dute milaka lagunek larunbatean Bilbon, Langileok bideak batuz lelopean.

ARGIA @argia 2016ko maiatzaren 30
Aldarrikapen ugari bateratu zituen larunbatean LAB sindikatuak deitutako manifestazioak (argazkia: @LABindar).

Salaketaz gain, alternatibak aldarrikatzeko tartea ere izan da Bilbon. "Borondaterik badago aldaketa ekonomiko eta soziala lor liteke", dio LABek. "Aberastasuna eta lana banatzeko 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lanastea aplikatuz, lan osasunerako eta euskaraz lan egiteko eskubidea aitortuz, eta neurri guzti hauek emakumeengana iristeko erabakiak hartuz lan mundua goitik behera aldatuko da".

"Posible da prekarietatea borrokatu eta garaitzea eta horren bila goaz", azaldu du sindikatu abertzaleak. "Zentzu horretan, LABek helburuak argi ditu. Konfrontazio fase berri bat zabalduko dugu lan munduan gatazkak piztu eta lantokietatik at indarrak batuz, prekarietatearen aurkako borroka ardatz harturik. Interpelazio instituzionala ere indartuko dugu, prekarietatera kondenatzen gaituen eredua aldatzea gure borroka nagusia izango da".