Gorlizeko Mec-Mec Pizzerian lan egiten zuen gazte bat hil zen urtarrilaren 9n, janaria motorrean banatzen ari zela istripu bat izan ostean. 2017an prekarietatearen ondorioz hil den bigarren pertsona dela salatu dute hainbat sindikatuk eta mugimenduk.
Abenduaren 30ean gertatu zen istripua, 24 urteko gaztea eguneko azken banaketa egiten ari zela. Janari azkarreko enpresetan prekarietatea lanaren ezaugarri dela azaldu du Uribe Kostako Ernai gazte antolakundeak. Ahalik eta azkarren iristeko eta ahalik eta bidai gehien egiteko presioa lanaren parte dela salatu du, entrega gehiago egiteagatik sariak lortzen baitituzte langileek; aldiz, oker egindako bidalketek eragin negatiboak dituzte beraiengan.
LAB sindikatuak azaldu duenez, prekarietatea areagotu egin da krisiaren aitzakiarekin, “neurri zuzentzaileak hartzea alde batera utzi dute, eta hortik dator istripuen gorakada”. Sindikatuaren ustez, lan baldintza egoki eta seguruetan lan egiteko eskubidea “exijitu” behar zaie enpresa eta administrazioei.
Ernai gazte antolakundeak eta ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek adierazi dutenez, mobilizazioa ezinbestekoa da. Hori dela eta, elkarretaratzea egingo dute urtarrilaren 13an 12:30etan Sopelako Pizzeria Mec Mec aurrean.