argia.eus
INPRIMATU
Palestinako bandera Mauleko Udaletxetik kentzeko agindu du prefeturak
  • Iaz jarri zuten bandera, Zuberoako hiriburua eta Zisjordaniako Balata errefuxiatu gunea senidetu zirenean.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko urriaren 12a
Palestinako banderak Mauleko herriko etxean // Argazkia: Xiberoko Botza

Mauleko alkatea den Louis Labadotek azaldu duenez, astearte honetan Oloroeko prefetorde den Marion Aoustin-Roth agertu da Mauleko (Zuberoa) udaletxan, bertan esekita zegoen bandera palestinarra kentzeko agindua ematera.

Iaztik darama Palestinaren aldeko banderak zintzilik herriko etxea,, alegia, Zuberoako hiriburua Zisjordaniako Balata errefuxiatu gunearekin senidetu zenetik. Asteartean prefeturak ohar bidez adierazi zuen elkartasunaren erakusgarri gisa jar litezkeela beste herrialde batzuetako banderak, baina betiere sinbolo horiek “Frantziaren kanpo-polikarekin” bateragarriak badira.

Labadotek dio estatuak eskaera bera egin diela ikur hori erakusten duten udaletxe guztiei, eta prefetordeari men egin diola “istiluak” sor ez zitezen. Sud Ouest egunkariari eginiko adierazpenetan, ordea, garbi utzi du ikurra kentzeak “samina” sortu diola eta azpimarratu du “garaia heltzen denean” hura berriz jarriko duela.