argia.eus
INPRIMATU
Praxirik gabeko teoria

Santi Angulo Martin 2020ko abenduaren 10

Duela aste batzuk klima aldaketari buruzko jardunaldi batzuk direla eta, prentsako titular batek zera zioen: “Europak ez du nahikoa egiten, aldaketa sistemikoa ezkerretik etorriko da”. Europako ezkerra zertan ari den ikusita, aldaketa horren hasiera ere ez dugula ikusiko iruditzen zait, ezkerrak gobernatzen dituen leku batzuetan oso motel hartzen baititu erabakiak, beste batzuetan eskuinaren nahiak betetzen baititu eta gehienetan sortzen dugun zauri ekologikoari tirita jarri besterik ez baitu egiten.

Nire herriaren kasua aipatuko dut, espekulatzaileen neurrira egindako etxebizitza-politika kaltegarrian sartu gabe. Oreretak frankismoaren garaian presio urbanistiko izugarria jasan behar izan zuen eta ondorioz milaka etxe eraiki ziren era kaotiko batean, herritarren bizi-baldintzen beharrak kontuan hartu gabe. Ondoren, zoritxarrez, beti “ezkerrak” gobernatu badu ere, presioa ez da eten, gero eta berdegune gehiago zementu bihurtuz. Azken kasuan gure herrian 1.000 etxebizitza baino gehiago eraiki nahi ditu Udalak inguruko bi berdegunetan eta lehen CAMPSAk zuen eremu kutsatuan; gainera, erdialdean dagoen parketxo bakarra ere suntsituko du.

 

"Prentsako titular batek zera zioen: 'Europak ez du nahikoa egiten, aldaketa sistemikoa ezkerretik etorriko da'. Europako ezkerra zertan ari den ikusita, aldaketa horren hasiera ere ez dugula ikusiko iruditzen zait"

Arramendiko parkeak 1991tik hona Espazio Libreen 32.000 m² baino gehiago galdu ditu, %18. Azken urteetan hiru eraikin gehiago altxatu dira. Herriko erdialdea kontuan hartuz, 380.000 m²tatik %0,54 soilik dira Espazio Librea, hots, biztanleko 0,15 m², 2012ko dekretuak 5 m² aipatzen duenean. Gamongoa eta Esnabide, herritik gertu dauden berdeguneak, zementu pean desagertuko dira. Altzate, landareek berriro hartu dutela ikusteko aukera izan badugu ere, uraren inguruan ez eraikitzeko adituen gomendioari muzin eginez, ezkerreko gobernuak zementuz bete nahi du, nahiz eta jakin leku hori kutsatua dagoela eta urez bete daitekeela, itsasotik gertu eta ibaiertzean baitago.

Proiektu horiek eremu naturaletan hondamendi handiak sortuko dituzte, gure herria gehiago itoko dute eta inguruko auzoetan eragin kaltegarria izango dute. Herritarroi gozatzeko Espazio Libre naturalak izateko aukera murrizteaz gain, dagoeneko gainezka dagoen hirigunera mila autotik gora ekarriko ditu; ondorioz, kutsadura handituko da: zarata, argia, CO2... Eta honi guztiari, berdeguneak suntsitzeari eta kutsadura zabaltzeari, jasangarria deritzo herriko ezkerrak. Aurten, osasun-egoera oker honek gauza bat erakutsi digu, gure hirigunean ez dagoela, Arramendi izan ezik, lasai egoteko beste lekurik, ez baititugu nahasi behar espazio libre naturalak eta lorategiz hornitutako urbanizazioak.

Berdeguneak suntsitzeko ematen den arrazoia aurreko gobernuaren herentzia da, hots, duela ia 20 urte onartu zen Plan Orokorra. Udalak ez du inoiz hainbeste etxebizitza behar dela jasotzen duen datu objektiborik aurkeztu. Plan hori herritarrek parte hartu gabe burutu zen eta gauzatzeko epea 2012an bukatzen zen; zortzi urte pasatu dira eta, legeak dioenez, dagoeneko berritua egon behar zen, baina ez dute nahi izan.

Eskuinak, ezkerraren ordez gobernuan sartzen denean, ez du luze jotzen hark egindakoa hankaz gora botatzeko (Iruñeko udala, Gipuzkoako Aldundia...) eta ezkerraren herentzia deuseztatuta harro azaltzen da. Ezkerrak, aldiz, sisteman zertxobait aldatzeko urteak behar ditu eta gehienetan adabakiak besterik ez du jartzen, ausardiarik gabe.

Azken urteotan, klima larrialdiari erantzuteko desazkundeaz edo hazkunde berdeaz hitz egiten da. Gipuzkoan, esaterako, milaka hektarea erabili nahi da plataforma logistikoak, industrialdeak eta etxebizitzak eraikitzeko. Noiz arte? Bada garaia garapenkeria suntsitzaile honi balazta jarri eta erabaki irmoak hartzeko, benetan klima aldaketari aurre egin nahi bazaio, praktikarik gabeko teoriak hondamendira baikaramatza.