Memoria historikorako elkarteek ohartarazi dute 1977ko Amnistia Legea indargabetu gabe, ezingo direla frankismoko krimenak epaitu
Espainiako Gobernu koalizioko PSOEk eta Unidas Podemosek asteazkenean iragarri zuten frankismoko krimenak epaitzea ahalbidetuko lukeela Memoria Demokratikorako Legearen zuzenketak, kasuak ezingo liratekeelako preskribatu eta nazioarteko legediaren arabera epaituko liratekeelako. Baina praktikan ez da ezer aldatuko. Felix Bolaños Memoria Demokratikorako ministro sozialistak ostegunean Onda Cero irratian onartu du Espainiako egoera juridikoa bera izango dela legea aplikatutakoan: “2002tik egin daitezkeen gauzak egin ahalko dira”.
Josu Ibargutxi Frankismoaren Krimenen Aurkako Plataformako kideak Naiz atariari azaldu dionez, “kontraesankorra” da 1977ko Amnistia Legea mantentzea eta, aldi berean, zuzenketa batzuk onartzea zeinak helburu duten gerra krimenak, gizateriaren aurkakoak, genozidioak eta torturak ez preskribatzea edota amnistiatzea. Gobernuak proposatutako zuzenketek balio erreala izan dezaten Amnistia Legea indargabetu behar dela azaldu du, gutxienez bigarren artikulua. Halere, Ibargutxik Berriari jakinarazi dio “aurrerapausoa” dela legearen zuzenketa, eta “balio sinboliko handia” duela: “Zuzenketa hau bide onetik doa”.
Bozken gehiengoa beharko dute
Memoria Demokratikorako Legearen zuzenketak onartzeko negoziaketak egin beharko ditu Espainiako Gobernuak, gehiengoa lortzeko. Gabriel Rufian ERCko legebiltzarkideak hasieratik aurpegiratu die PSOEri eta Unidas Podemosi herritarrak “engainatzea” eta “kea saltzea”. Amnistia Legea aldatzeko eskatu du, baina Rufianen esanetan PSOEk ez du hori egin nahi, honengatik: “Duela 40 urte baino gehiago egindako akatsa onartzea izango litzateke”. Dena dela, negoziatzeko prest agertu da.