argia.eus
INPRIMATU
Praktika txarrak ala politika arkeologian?

Imanol Satrustegi Andrés 2024ko uztailaren 17a
Santakrizeko aztarnategi erromatara. (Argazakia: Wikimedia / Jolmedocr).

Santakrizeko hiri erromatarra Eslaban, Zangozatik gertu, dagoen aztarnategi arkeologiko ikusgarria da. Dirudienez, Burdin Aroko herri gotortu bat egon zen han, eta gero erromatarrak ezarri ziren toki berean. Juan Castrillok, Eslabako apeza bera, 1917an eman zuen lehen aldiz aztarnategiaren berri. Ordutik, hainbat kanpaina egin izan dira bertan eta 2017tik aurrera Nafarroako Unibertsitate pribatuko talde batek indusi du, Javier Andreu arkeologoren gidaritzapean. Aztarnategi emankorra da oso, lur azpian eraikuntza-egitura handiak aurkitu dituzte eta. Badirudi erromatarren garaiko hiri kozkor bat zela, haren izenik oraindik ezagutzen ez den arren.

Bada polemika handia sortu da azkenaldian. Berriki jakin dugu Nafarroako Gobernuak eta Vianako Printzea Erakundeak industen jarraitzeko baimena kendu dietela arduradunei. Dirudienez, foroan zeuden harri batzuk mugitzeko neurri handiko hondeamakina bat erabili zuten, aldez aurretik baimenik eskatu gabe. Material horiek erauzterakoan silarri edo harlandu batzuetan kalteak eragin zituzten. Horren ondorioz, Nafarroako Gobernuak ondorioztatu du arkeologo taldeak “praktika txarrak” egin dituela eta haren jardun ezegokiaren ondorioz industeko baimena kendu die.

Aztarnategiko arduradunak kexu azaldu dira. Esan dute eragindako kalteak ez direla horren larriak izan: “harramazka” batzuk baino ez. Halaber, salatu dute Nafarroako Gobernuak ez duela inguruan esku-hartzeko planik aurreikusita eta ondorioz, proiektua bertan behera utziz gero, alferrik geldiaraziko dutela orain arte egindako lan guzia.

Honen guztiaren harira, sare sozialetan zurrumurruak eta eztabaidak piztu dira. Batzuek salatu dute erabaki politikoa izan dela. Nola edo hala, Opus Deiko unibertsitatea proiektutik kanporatu nahi zutela eta horretarako aitzakia bat bilatu dutela. Halaber, batzuek egundoko kasketa harrapatu dute eta gobernuari leporatu diote ikerketa talde honen lana nahita oztopatzea, ez dutelako topatu euskarazko izkriburik edo baskoien presentzia frogatzen duen aztarnarik. Inbidia hutsa ote da? Eztabaida hau Nafarroako arkeologiaren garai gozoenetako batean ailegatu da, berriki Arantzadi Zientzia Elkarteak Irulegin eta Larunben euskararekin loturik egon litezkeen izkribu zaharrak aurkitu ditu eta.

Txorakeriak txorakeri, beste aditu batzuk Nafarroako Gobernuaren iritziaren alde azaldu dira Espainiako Arkeologo Profesionalen Plataformako (PEPA) kide diren Teresa Lacosta Ramírez eta Alex Duró Cazorla, esaterako. Haien aburuz, Santakrizen metodologia ezegokia erabili dute benetan eta hartutako erabakia zuzena da. Izan ere, ondarearekin ezin da nolanahi jokatu. Iruña-Veleian gertatutako hanka-sartzeak ezin dira berriro gertatu eta hobe da prudentziaz jokatzea.