argia.eus
INPRIMATU
Praderak “legaltasun osoz” sortu zuen enpresa paradisu fiskal batean
  • Panamako paperetan agertu den Bizkaiko diputatu nagusi ohiak azaldu du Kuban autoekin negozioa egiteko inskribatu zuela ezkutuko sozietatea, hango gobernuak esanda.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2017ko apirilaren 04a

EAJko alderdikide nabarmen bat zipriztindu du honakoan Panamako paperen jarioak. Bizkaiko diputatu nagusi ohi José Alberto Praderaren izena azaleratu zuen La Sexta telebista kateak astelehenean, Mossack Fonseca abokatu-bulegoan filtraturikoen artean zegoelako.

La Sextak dioenez 1995ean Praderak sozietate baten izena inskribatu zuen Birjina britainiar uharteetan eta Jerseyn Panamako abokatuaren bidez: Pinos Holding Limited, eta horrela mantendu zuen 2000 urtera arte. Bere izenaz gain, “beste euskal enpresari batzuenak” ere ageri dira, telebista katearen arabera.

1977tik EAJri lotua –besteak beste hamar urtez Eusko Trenbideak zuzendu zuen–, José Alberto Pradera 1987tik 1995era izan zen Bizkaiko ahaldun nagusi. Filtrazioa zabaldu eta berehala hainbat hedabide eta agentziatan azalpenak eman ditu, baita ETB telebista publikoan ere.

Esan duenez, Kubara autoak inportatzeko sortu zuen enpresa eta bertako gobernuak adierazi zion herrialde horien bidez egingo zituela ordainketak, antza AEBetako enbargoa saihesteko. “Legaltasun osoz” jardun zuela adierazi du jeltzaleak eta enpresak ez zuela inoiz funtzionatu negozioa ez zelako martxan jarri.

Mossack Fonsecak azaleratutako paperetan milaka offshore enpresa eta datu azaltzen dira. Paradisu fiskaletan, hau da, zergak ordaintzea saihesteko eta iruzurrerako erabiltzen diren lurralde arautu gabeetan, sozietate opakuak sortzea eta haien jabeen izena ezkutuan mantentzea zen abokatu-bulego panamarraren zeregina.

Panamako paperen filtrazioan izen oso ezagunak daude, baita politikako goi kargudunenak ere. Jose Manuel Soria Espainiako Gobernuko industria ministroak, esaterako, dimititu egin behar izan zuen ezkutuko enpresa-sare bat zuela jakin eta gero; hasieran baina, “erabat legala” zela argudiatu zuen bere jokabidea justifikatzeko.