argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritza berria
Pradalesen sailburuak: Osakidetzako EPE irregularrean zegoen bat, ustezko prebarikatzaile bat eta hiru sailburu erdaldun
  • Inoizko sailburu gehien edukiko ditu Imanol Pradales lehendakari izango duen Jaurlaritza berriak: hamar EAJk eta bost PSE-EEk. Sozialisten hiru sailburuk ez dakite euskaraz.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko ekainaren 24a

Profil "teknikoa" duten sailburuak direla azpimarratu du Hego Euskal Herriko prentsa erdaldunak larunbatean Imanol Pradalesek ekipoa aurkeztu zuenez geroztik. Bereziki sailburu jeltzaleak jo dituzte profil "tekniko" horretakoak; sozialistak, berriz, "alderdikoiago".

EAJkoak dira fiskaltzak noiz edo noiz bera edo bere jarduera jakin bat ikerketapean ipini duten arren, sailburu izendatu dituzten bi pertsona: Alberto Martínez, Osasun sailburua, azken 23 urteetan Gurutzetako ospitaleko Anestesia arloko burua izan dena; eta Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapena eta Arrantza sailburua, Arantxa Tapiaren sailburuorde izandakoa eta Arabako diputatua Jasangarritasun arloan.

Denbora luzean katramila sortu duen baina oraindik argitu gabe dagoen Osakidetzako lan-eskaintza publikoko 2018ko azterketa irregularreko tribunal buruetako bat zen Alberto Martínez. Bera ez dago ikerketapean, baina berak eta azterketagile batek izandako elkarrizketaren grabazioa "egozgarria" zela esan zuen fiskaltzak. El Diario agerkariko Iker Rioja kazetariak jaso duen moduan, azterketa egin behar zuen gertuko pertsona batek "babesean hartzeko" eskatu zion Martínezi. Ez zen batere harritu; halakoak egin izan diren seinale, beraz. Hala ere, Martínezek erantzun zion une horretan bertan ez zekiela tribunaleko buru izango zen ala ez, eta hilabete geroago etortzeko berriz "gaia jorratzeko".

Barredo, Ingurumen sailburuorde izan dena, Euskadiko Auzitegi Gorenak ikertzeko zain dago gaur egun. Izan ere, Bergarako Valogreene Paper proiektuari emandako baimenaren tramitazioetan irregulartasunak egon daitezkeela uste du fiskaltzak. Gasteizko Auzitegia ari zen ikertzen, baina sailburu kargua hartu eta aforatua izango denez, Gorenaren eskuetara igaroko da. 

Hamabost sailburu edukiko ditu Pradalesen gobernuak, hamar EAJk eta bost PSE-EEk. Urkulluren legegintzaldiaren PSE-EEk bi eta EAJk bat gutxiago zituen. Gobernu horretan sailburu bakar bat zen soilik erdalduna; orain, hiru sailburuk ez dakite euskaraz.

HAMABOST SAILBURU, KARGUAK ETA PROFILAK

Ageriko nobedade bat baino gehiago ditu gobernu berriak. Esaterako, "Garraio" karguari ez zaiola aurrerantzean horrela deituko, baizik eta "Mugikortasun jasangarria" –lehen biak erabiltzen ziren–. Horrez gain, eta bistakoena, ez dagoela "Berdintasun" izena daraman sailik. Izan ere, hainbat feministek askotan eskatu bezalaxe, Pradalesen Lehendakaritzaren esku geratuko da, berak esan moduan, "gizarte politika feministak" egitea. Harridura sortu duen bestea, Pradalesek Zupiria ipini izana Segurtasun sailburu.

Imanol Pradales

Lehendakaria. (EAJ)

Santurtzin jaioa, 1978an. Soziologoa ikasketez, Deustuko Unibertsitatean doktore da. 2007tik Bizkaiko Foru Aldundiari loturik egon da. Diputatu 2011tik, Ekonomia Sustatzeko arloan lehenik eta Azpiegituren alorrean gero.

Ibone Bengoetxea

Lehen lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntz Politika sailburua. (EAJ)

Bilbo, 1967. Psikologian lizentziaduna da. Udal zinegotzia izandakoa, EUDELeko presidente, Aldundiko diputatu zazpi urtez eta EiTBren zuzendaritzan geroztik.

Mikel Torres

Bigarren lehendakariordea eta Ekonomia, Enplegua eta Lan sailburua. (PSE-EE)

Portugalete, 1970. Ekonomia eta Enpresa zientzietan lizentziaduna EHUn, eta ekonomiako bi doktorego ditu. Bizkaiko PSEren idazkari nagusia da 2014tik, eta alkatea bere sorterrian.

Ez daki euskaraz.

Maria Ubarretxena

Gobernu bozeramalea eta Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernu sailburua. (EAJ)

Urretxu, 1980. Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiken sailean lan egin ondoren, Arrasateko alkatea izan da 2015etik 2023ra. Alkatetza galdu ostean, Gipuzkoako Diputazioko Bide Azpiegitura diputatua izan da.

Bingen Zupiria

Segurtasun sailburua. (EAJ)

Hernani, 1961. ETBko eta Deia-ko zuzendari izan ondoren, eta tartean Ardanza lehendakariaren aholkulari izanda, Kultura eta Hizkuntz Politika sailak gobernatu ditu aurreko bi legegintzaldietan. Jaurlaritzako bozeramale ere izan da.

Begoña Pedrosa

Hezkuntza sailburua. (EAJ)

Areatza, 1975. Aurreko sailburuaren ordezkoa izan da. Aurretik, MU-ko dekanoa izan zen sei urtez. Hizkuntzalaritza Aplikatuan doktorea da.

Noel D'Anou Olaizola

Ogasuna eta Finantzen sailburua. (EAJ)

Irun, 1975. Banketxeen arloan egin du ibilbide profesionala. Hainbat ardura eduki ditu Kutxabanken azken hamar urteetan.

Mikel Jauregi

Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasun sailburua. (EAJ)

Zarautz, 1974. Hogei urte baino gehiago daramatza enpresa alorrean lanean, atzerrian, batez ere energia sektorean. Erresuma Batuan zegoen orain arte, Centrica PLC enpresako zuzendari. Erresuma Batuko petrolio enpresa handi batean egin zuen lan.

Javier Hurtado

Turismoa, Merkataritza eta Kontsumo sailburua. (PSE-EE)

Madril, Espainia, 1981. Bigarren legealdia izango du gobernuan eta ardura berean. Aurrez, foru diputatua izan zen Araban.

Ez daki euskaraz.

Juan Ignacio Perez Iglesias

Unibertsitateak, Zientzia eta Berrikuntza sailburua. (EAJ)

Salamanca, Espainia, 1960. Fisiologian katedraduna, EHUko errektorea izan zen 2004tik 2008ra. Kultura Zientifikoko Katedraren koordinatzailea da EHUn, eta Zientzia Kaiera dibulgazio atariaren arduraduna.

Denis Itxaso

Etxebizitza eta Hirigintza sailburua. (PSE-EE)

Donostia, 1975. Aurpegi ezaguna EAEko politikagintzan, bi hamarkada baino gehiago baitaramatza kargu instituzionaletan, PSE-EEri loturik. Oraintsu arte, Espainiako Gobernuaren ordezkaria izan da EAEn.

Nerea Melgosa

Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua. (EAJ)

Gasteiz, 1970. Urkulluren azken legegintzaldiaren amaiera partera sartu zen gobernuan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika sailburu izatera.

Alberto Martinez

Osasun sailburua. (EAJ)

Trapagaran, 1964. Hogei urte baino gehiago daramatza Gurutzetako Ospitaleko Anestesiologiako zerbitzuburu karguan. Osakidetzako 2018ko EPE irregularrean tribunalburu izan zen.

Susana García

Mugikortasun jasangarriaren sailburua. (PSE-EE)

Donostia, 1969. Alderdian ibilbidea egina duen pertsonetako bat. Gipuzkoako batzarkide izan da aspalditxotik.

Amaia Barredo

Elikadura, Nekazaritza Garapena eta Arrantza sailburua. (EAJ)

Donostia, 1970. Elikagaien Zientzian eta Teknologian lizentziaduna, gaiari loturiko arloetan aritu da ardura postuetan. Tapiaren sailburuorde izandakoa, aurrez Elikagaien Kalitateko zuzendari, eta egun Arabako foru diputatua da. Euskadiko Fiskaltzak ikerketapean dauka, ustezko prebarikazio kasu bategatik.

María Jesús San José

Justizia sailburua.

Sestao, 1966. Aurpegi ezaguna PSE-EEn. Patxi Lópezen gobernuan Idazkaritzako zuzendaria izan zen, eta Lan eta Justizia sailburua Urkulluren bigarren agintaldian.

Ez daki euskaraz.