argia.eus
INPRIMATU
PPri esker onartu dute tramitera EAJ eta PSEren Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma
  • PPren abstentzioak EAJ eta PSEren lege proposamena tramitera onartzea ahalbidetu du. EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek aurka bozkatu dute. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak legebiltzarrak emandako urratsa kritikatu du.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 28a
EAJko Beatriz Artolazabal Enplegu sailburua eta PPko Laura Garrido, Eusko Legebiltzarrean artxiboko irudi batean. Argazkia: Berria. Juanan Ruiz, Foku.

Gobernuaren Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) moldatzeko lege proposamena tramitera onartzea lortu zuten atzo PSEk eta EAJk, Alderdi Popularrari esker. Bi urtez blokeatuta egon da gaia, Gobernuak 2017ko maiatzean lege-proiektua aurkeztu zuenetik, oposizioko taldeen babesa lortzeko ezgai. Atzo, ordea, PPk aurkako botoa abstentzioagatik aldatu zuen.

Laura Garridok esan du PPk ez duela lege proposamena gustuko, ez doala norabide egokian, baina eztabaidari “ateak ireki” nahi dizkiola eta zuzenketen bitartez saiatuko dela zabaltzen den eztabaida fasean ekarpenak egiten.

Gainontzeko alderdien artean orain arteko posizioak eta argudioak errepikatu dira. Elkarrekin-Podemosek eta EH Bilduk lege proposamenaren aurka bozkatu dute, eta gogor kritikatu dituzte EAJ eta PSE, PPri esker aurrera egiteagatik. “Oso arriskutsua da eskuin xenofoboarekin, elektoralismoz gaiaran erabilpen ankerra egin duenarekin, bidea egitea”, esan du EH Bilduko Nerea Kortajarenak. Lege proposamen berria indarrean dagoena baino murriztaileagoa dela salatu dute bi alderdiek. Babesa gutxitu eta onuradunak kriminalizatzen dituela.

EAJk eta PSEk lege proposamenak DSBEa hobetzea lekarkeela defendatu dute: detektatutako “disfuntzioak” gainditzeaz gain, prestazioaren beharra duten pertsonak babestuago egongo direla. DSBEa jasotzeko aukerak zabaldu eta diru-sarreren zenbatekoak kasu askotan handitu egingo lituzke lege proposamenak, bi alderdien arabera.

Herri Ekimen Legegilearen alde

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkariak legebiltzarrean izan ziren atzo. Kartak DSBEaren legea moldatzeko Pobrezia eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Herri Ekimen Legegilea (HEL) aurkeztu zuen legebiltzarrean 2018ko urrian, 51.000 sinaduraren babesarekin. 2019ko otsailean hura eztabaidatzea ere eragotzi zuten PSEren, EAJren eta PPren botoek. Kartako bozeramaile Jabier Saenzek Gobernua kritikatu eta HELaren proposamenaren alde egin zuen atzo berriz ere.

Ehundik gora herri mugimendu eta sindikatu batzen dituen Karta Sozialaz gain, herri eragile eta sindikatu gehiagok ere kritika komunak egin dizkiote EAJ eta PSEren proposamenari hura publiko egin zenetik. REASek, CCOOek, UGTk edo Caritasek, besteak beste. Iruzurraren diskurtsotik abiatzen dela salatu dute, eta horrek pobreziaren kriminalizazioan sakontzen jarraitzea dakarrela –Gobernuaren datuen arabera, iruzurra inoiz ez da heldu %1era–. Oro har proposamen murriztailea dela diote, helburua hain zuzen ere prestazioak hedatzea izan behar duenean.

Bide luzea aurretik

Ostegunean tramitera onartutako lege proposamenak bide luzea du orain aurretik. Eragile eta pertsonen agerraldiak egongo dira legebiltzarrean, ponentzia bat osatu, eta horri emendakinak egiteko tartea zabalduko da, besteak beste. Litekeena da prozesua amaitu aurretik legegintzaldia agortzea.

2008koa da DSBEaren inguruan indarrean dagoen legea, ondorengo urteetan egin zaizkion moldaketak barne. 2017ko maiatzean Gobernuak lege-proiektua aurkeztu zuen, “kontsentsu zabaleko paktu soziala” sustatzea helburu. Prozesu horren baitan abiarazi zuen Karta Sozialak HELa, 2018ko martxoan. Hilabete geroago, apirilaren amaieran, Gobernuak bere lege-proiektua alboratu eta Gobernua osatzen duten PSE eta EAJko legebiltzarreko taldeek DSBEren erreformarako lege-proposamena aurkeztu zuten, prozesu azkarragoa duena. Ekainean bertan eraman zuten osoko bilkurara onarpen bila. Babesik ez zutela ikusita, ordea, bozketa galdu baino nahiago izan zuten atzeratu.