argia.eus
INPRIMATU
Ustelkeriaren eta PPren aurkako elkarretaratzea deitu dute larunbatean Iruñean
  • Ustelkeriak eragindako “salbuespen egoera” salatzeko eta PP gobernutik atera behar dela aldarrikatzeko, elkarretaratzea deitu dute Nafarroako Gobernuko lau alderdiek eta hainbat eragile sozialek. Larunbateko 12:30ean izango da Gobernuaren Ordezkaritza aurrean Aski da ustelkeriarik ez! PP kanpora! lelopean.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko maiatzaren 19a
Argazkia: Euskalerria Irratia.

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos, Ezkerra-Izquierda eta Batzarrez gain, Izquierda Socialista, Junta Republicana de Izquierdas de Nafarroa, PCE, Gazte Komunistak, CCOO, Solidari, Eraldatu eta Marchas de la Dignidad eragile sozialak egin dute prentsaurrekoa asteazkenean, eta larunbata bitarte eragile gehiago batzea espero dute.

Adierazi dute Alderdi Popularraren ustelkeria kasuek eta horiek ezkutatzeko hainbat instituzio politiko eta judizialek hartutako jarrerek “salbuespen egoera etiko, sozial eta demokratikoa” eragin dutela. Demokrazia ez ezik, pertsonen bizi baldintzak higatzen dituela salatu dute, “ondasun publikoak lapurtu eta oinarrizko eskubideak urratzen baitituzte” beren hitzetan.

Espainiako gobernua soilik ez, Nafarroan ondasun publikoa “arpilatu” duten eskuineko gobernuak ere salatu dituzte; Nafarroaa Arena pabiloia, Los Arcoseko zirkuitua eta Nafarroako Kutxaren desagertzea jarri dituzte adibidetzat.

Egoeraren erantzuloe nagusi jotzen duten heinean, PP gobernutik botatzea beharrezkoa ikusi dute, eta mobilizatzen hasteko garaia dela aldarrikatu dute.