argia.eus
INPRIMATU
Marcos Maceira, A Mesa pola Normalización Lingüísticaren presidentea
“Oso zaila izango da galiziera leheneratzea PPren hizkuntza politika ez bada zuzentzen”
  • Galiziako Estatistika Institutuak galizieraren egoeraren inguruko inkestaren azken datuak ezagutarazi ditu. Ezagutza eta erabilerak, biek, egin dute atzera. Galera handiagoa da adin tarte gazteenetan. 5 eta 14 urte artekoen herenak adierazi du galiziera gutxi edo batere ez dakiela. Marcos Maceira, A Mesa pola Normalización Lingüísticaren presidentea elkarrizketatu dugu.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2024ko urriaren 18a
Marcos Maceira, A Mesa pola Normalización Lingüísticaren presidentea. Nós Televisión.

Hondamenditzat jo dituzu azken datuak.

Aspalditik ari ginen ohartarazten egiten ari ziren hizkuntza politikarekin hau gertatuko zela. Historian lehenengo aldiz, galizieraz hitz egiten duten pertsonak gutxiago dira gaztelaniaz hitz egiten dutenak baino. 15 urtetik beherakoen datuak dira bereziki kezkagarriak. %32,4k dio ez dakiela ezer.

PPren Gobernuaren hizkuntza politika aipatu duzu.

Zeren emaitza da? Hasteko, espainolaren hegemoniarena. Ez da gauza berria, historikoa da. Bestalde, 2009tik aurrera PPk ezarri dituen hizkuntza politikek beherakada azkartu dute. Espainolaren hegemonia testuingurua zen, eta giro horretan hizkuntza politikek galiziera erabiltzen zen eremuak gehiago murriztu dituzte.

Horrek muturreko emergentzia linguistikora eraman gaitu. Politika horiek ez badira zuzentzen, eta ez bada bermatzen galiziera eremu guztietan eta erabilera guztietarako egotea, oso zaila izango da leheneratzea.

Bitxia da, zeren diagnostikoarekin, teorian, indar politiko guztiek bat egin zuten. Helburu eta neurri zehatz batzuk jarriak daude 2004tik, galizieraren normalizazioaren plan orokorra egin zenetik, baina PP gobernura iritsi zenean zakarrontzira bota zen. Ez zen ezer aplikatu eta hau da emaitza.

Ez zaudete emaitzekin bereziki harrituta, baina bost urteko tarte laburrean beherakada handia izan da.

Neurrian gaude harrituta. Hezkuntzan Matematika, Fisika, Kimika eta Teknologia galizieraz ematea debekatu dute; ia erabat baztertu dute galiziera Haur Hezkuntzan; Xuntak eskainitako material didaktiko digitala ikastetxeen %60an dago ezarrita eta ia ez dago ezer galizieraz... Hezkuntzako egoeraren adibide batzuk baino ez dira. Administrazioan helburua zen edozein bulego publikotan sartzen den herritarrari harrera galizieraz egitea. Inon ez da betetzen. Justizia alorrean, adibidez, erabilera %1 baino gutxiagokoa da, programa informatikoak ez dauka galizierazko aukerarik, justiziako langileek ez daukate hizkuntza ezagutzaren derrigortasunik... Telebista publikoak umeentzat daukan eskaintza %2,7koa da. Antzeko egoeran daude aisialdiko ekintzak eta ekonomia alorra, adibidez.

PPk galiziera etxeko kontua dela azpimarratzeko estrategia darabilela diozu.

Gaia eremu pribatura eramaten ari da, galiziera jakitearen erabakia norberarena edo familiarena dela esaten du. Gaur egun, galiziera erabiltzeko borondatea izanda ere, aukerak falta dira. Kanpotik etortzen den edonork, Galiziako kale batean ibiltzen bada, eta herriaren neurriak ez dauka garrantzirik, ez du antzemango lehen kolpean Herri honetan bertako hizkuntza bat dagoenik, nahiz eta baduen nolabaiteko presentzia soziala. Zeren dena dela, %46k dio beti edo ia beti hitz egiten duela galizieraz, baina eskaintza eta aukerak ez dira, inondik ere, ehuneko horretara gerturatzen.

Esan dudan moduan, azken hamabost urteetan ez da ezer egin. Aldatzeko ezer egiten ez bada, bost urte barruko emaitzak okerragoak izango dira. Dena den, gauzak aldatzeko aukerak daudela uste dugu.

Daturik kezkagarrienak adin tarte txikienetakoak dira?

Bai, bai, jakina, alde handiz. Belaunaldi arteko ebaketa izugarria da. Ezagutza eta erabilera datuak askoz baxuagoak dira gazteenen artean, familiako erabilera baino. %40k dio familian galizieraz egiten duela. Baina familiatik kanpora ez da erabiltzen. Batetik, belaunaldi arteko transmisioan apurketa dago, baina bestetik, familiaz gaindiko faktoreen ondorioz umeek hizkuntza erabiltzeko aukera gutxiago dituzte.