argia.eus
INPRIMATU
PPren Hauteskunde Legea botereari eusteko presazko trikimailutzat jo du oposizioak
  • PPren Hauteskunde Lege berriak udal hauteskundeetan botorik gehien lortzen duen indarrak gehiengo osoa izatea du helburu. Oposizioko alderdi guztiak aurka azaldu dira eta "hauteskunde iruzurtzat” jo dute. Diotenez, ezkerreko koalizioei ateak ixteko eta botereari eusteko presazko trikimailua da.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko abuztuaren 22a
Irailean Kongresuko taldeekin elkartuko dela, baina akordiorik lortzen ez bada ere, aurrera jarraituko dutela adierazi du Espainiako Gobernuak. (Arg.:lavanguardia)

Ekainean eman zuen PPren gobernuak hauteskunde sistema aldatzeko asmoaren berri. Helburua datorren maiatzeko udal hauteskundeetarako indarrean egotea da. Hori betetzen bada, botorik gehien jaso dituen alderdiko zerrendaburua zuzenean izendatuko da alkate.

Oposizioko alderdiek erreforma aurkezteko unea eta modua ere kritikatu dute. Gobernuak irailean Kongresuko taldeekin elkartuko dela iragarri du, baina adostasuna lortzen ez bada ere, aurrera jarraituko dutela diote.

Euskal Herrira baino, Espainiara begira egina

Azken inkestetako eta Europako bozetako emaitzak aintzat hartuta, erreforma Euskal Herrira baino, Espainiara begira egindakoa dela ondorioztatu daiteke, Hodei Iruretagoienak Berria-n argitaratutako analisian dioen moduan.

EAJ eta EH Bilduren indarrak Euskal Herrian eragina txikiagoa izatea eragingo luke. Hegoaldeko udalerri gehienetan EAJk eta Bilduk lortuko lituzkete boto gehien, gaur egun baino udal gehiago eskuratuz.

Hala ere, PPk boto emaile gehiago dituen lekuetan mesede egingo die aldaketak haiei eta UPNri, Gasteizen eta Iruñean kasu. Arabako hiriburuan, PPk agintean jarraituko luke gehiengo osoz. Halaber, Iruñean UPNk botereari eutsiko lioke; nahiz eta EH Bilduk, esaterako, nahikoa izango lukeen Ezkerraren edo Podemosen babesa alkatetza lortzeko.

Espainiako botere guneak galtzeko PPren mehatxurik handiena PSOE, Podemos eta IUren arteko aliantza litzateke. Egungo sistemarekin, besteak beste, urteetan euren agindupean egon diren 100.000 biztanletik gorako 28 hiriburu galduko lituzkete, ez ordea erreforma indarrean jarrita.