argia.eus
INPRIMATU
PPk Nafarroa zeharkatuko du “euskararen inposizioa” salatzeko
  • “Euskararen inposizioa” salatzeko, itzuli bat iragarri du Nafarroako PPk. Ekainaren 2ko manifestazioaren atariko moduan, “itzuli informatiboa” egingo duela azaldu du Ana Beltran legebiltzarkideak, euskara “indarrez” ezarri nahi duten herrietan.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko maiatzaren 10
Asteazkenean aurkeztu zuten ekimena PPko legebiltzarkideek@SaioaAlkiza

Errepideetako kartel elebidunak, osasun zentroetako erantzungailuak euskaraz izatea eta gaztelania hutsean aritzen ez diren hedabideak begiz jo ditu Beltranek. Haren ustetan, Foru Gobernuak Nafarroaren eta EAEren “batasun” gisa erabili baitu euskara: “Argi utzi nahi dugu gaztelania dela Nafarroako hizkuntza ofizial bakarra, eta euskara dela errespetatzen dugun hizkuntza propio bat, baina inposiziorik gabe”. Maiatzaren 12an hasiko da itzulia Tuteran.

Herriz herri "gehiengo erdaldunaren eskubideak" babestu behar dituztela uste du Beltranek. Gainera, errepideetako kartelen kasuan, bi hizkuntzetan jartzea "arrikutsua" izan daitekeela esan du, gidaria despistatu baitezakete. Besteak beste, PPk salatuko du: "Oposizioetan eskaintzen diren postu gehienak euskarazkoak izatea, Nafarroako Gobernuaren bide sienale, errotulazio, iragarki eta agirietan euskara gaztelaniaren gainean ipintzea", edota "gure seme-alabak eskolan matrikulatzean, ulertu ezin den inprimaki batean egin behar izatea, euskarazko bertsioa gaztelaniazkoaren aurretik dagoelako".

Inposizioa nork nori?

Aho bete hortz geratu da Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramailea eskuindarren aldarrikapen berri jakitean: “Inposizioa? Nori? Nork? Noiz?“. Herritar bakoitzak uste duenagatik manifestatzeko eskubidea duela nabarmendu du, baina onartu du ez dela ohikoa eskubideen aurkako mobilizazioa antolatzea. Nafarroako hizkuntza politika defendatu du, nafarren eskubideak errespetatzeko helburuz baitago sortua.