argia.eus
INPRIMATU
PPren Bilboko egoitza legez kanpoko diru ekarpenekin ordaindu da Barcenasen arabera
  • PPk Bilboko Gran Vian duen egoitza legez kanpoko diru-ekarpenekin ordaindu dela adierazi dio epaileari Luis Barcenasek. Alderdiaren kontabilitate ofizialean ez dira ordainketa horiek ageri, ez eta El Pais-ek argitaratutako dokumentuetan ere. Diruzain ohiak 150 folioko karpeta bat aurkeztu du froga gisa.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko uztailaren 19a
IƱaki Oiarzabal EAEko PPko idazkari nagusia

Barcenasen arabera, 1999. urtean hasi zen legez kanpoko finantzaketa, Carlos Iturgaiz EAEko PPko buru zela, eta Maria San Gilek kargua hartu zuenean ere jarraitu zuen, 2005era arte. Donazioak egiten zituztenen eta euskal PPren arteko “bitartekari” izatera mugatzen zen Barcenasen lana.

Oiarzabalek dena ukatu du

Iñaki Oiarzabal EAEko PPko idazkari nagusiak agerraldia egin du Barcenasek salatutakoa ukatzeko. Dioenez, ez dute inoiz Luis Barcenasen dirurik jaso. Bilboko egoitzaren ordainketaren egiaztagiriak erakutsi ditu Oiarzabalek, eta “lehenengo pesetatik azken euroraino, ordainketa ofizialak eginda” ordaindu dutela adierazi.

Bilbo, Donostia eta Gasteizko egoitzak 1999 eta 2008 artean erosi zituztela azaldu du idazkari nagusiak. Bere hitzetan, hipotekak eskatu zituzten erosi ahal izateko, eta Donostia eta Gasteizkoak ordaintzeko 2,8 miloi euro falta zaizkie oraindik.

Barcenasek auzitan jarritako Gobernu eta alderdiarengan “erabateko konfiantza” du Oiarzabalek. Aldiz, legezko donazioetan zenbat diru jaso duten galdetu diotenean, EAJk PPk baino “askozaz ere diru gehiago” jasotzen duela adierazi du.